Debegesak zahartzaroak sor ditzakeen negozio aukeren sorrera sustatuko du
Proiektuaren bitartez, eta eskualdeko sektore industrialaren balio katean oinarrituta, zahartzearen esparruan merkatu hobiak identifikatuko dira, Debabarrenean enpresa jardueraren garapena ahalbidetuko dutenak, produktu edota zerbitzuak hobetuz edo berriak sortuz.
Debegesa Garapen Agentziak Debabarrena eraldatzen: negozio aukerak zahartzearen arloan egitasmo berria jarri du martxan, biztanleriaren zahartzearen erronkari heldu eta jarduera ekonomikoa sustatzeko eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko aukera modura ekiteko asmoz. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako departamentuak diruz lagundu du eta Adinberri zahartze osasuntsurako foru estrategiarekin bat dator.
Proiektuak, lehen fase batean, lankidetza sare bat osatzea du helburu; sarearen eginkizuna litzateke garapen ekonomikorako aukerak identifikatzea gizarte laguntzarako eta industria eta teknologia garapenerako jarduerekin loturikoak, zahartze, osasun zein ongizate arloetan.
Sarea askotariko eragileek osatuko dute: enpresek, inplikaturiko eragileak, osasunarekin loturiko erakundeak, Lanbide Heziketako ikastetxeak, teknologia zentroak… Denak ere biztanleriaren zahartzeak eragingo dituen behar eta aukeren garapenarekin lotura dutenak.
Proiektua abian dago. Urtarrilaren 22an Debegesak Debabarrenean zahartzearen esparruan lan egiten duten hogei bat eragile elkartu zituen, horien artean, zaharren egoitza edo eguneko zentroetan lan egiten duten profesionalak, hezkuntza arloan zein arlo psikosozialean dihardutenak, eta Adinberri estrategiaren ordezkariak. Zahartze aktibo eta osasuntsuari lotutako proiektu zehatzak bultzatzea ahalbidetuko duten behar eta aukerak identifikatzea izan zen bileraren helburua.