Ondarroako Artekubu egitasmoa zehazteko batzarra egingo dute otsailaren 16an
Hitzordua 18.30ean ipini dute Kofradia Zaharreko 2. solairuan. Gehienez, bi orduko saioa izango dela jakitera eman dute.
Artekubu egitasmoaren bultzatzaileek proiektua zehazten joateko beste urrats bat ematea beharrezkoa dela aitortu dute, eta horren harira egin dute deialdia. Orain arte bidelagun izan dituzten herritarren babesagaz jarraitu nahi dutela adierazi dute, eta horiek denak eta nahi duten guztiak gonbidatu dituzte batzarrera. “Herria lantzen ari den HAPOren (Herri Antolamendurako Plan Orokorra) hurrengo batzarrean erabaki nahi dugun proposamenak bere lekua eduki behar du. Proposamen zehatz bat sartu behar dugu HAPO planean”.
Gogorarazi dutenez, Artekubu egitasmoaren helburu nagusia herrian garatzen diren proiektu eta arte ekimenek zein kanpoko erakustaldiek leku egoki bat (antzoki, auditorio, erabilpen anitzeko espazioa…) edukitzea da. Mota horretako espazio bat beharrezkoa dela diote.
Proposamen zehatz bategaz aurkeztu ahal izateko herritar guztien iritziak entzun nahi dituztela nabarmendu dute. “Kontzeptua definitu, leku bat proposatu, eztabaidatu, brainstorming edo hausnarketa kolektibo bat proposatzen dugu. Datorrena isilik ere egon daiteke, inor ez dago berba egitera derrigortuta”.
Gaineratu dutenez, hurrengo batzarrean jasotzen diren proposamenekin ondorioak atera nahi dituzte. “Lehenengo eta behin, eskerrik asko hasierako batzarrean egon zineten guztioi, sinadurak batzen lagundu duzuenoi eta zuen iritziak eman dituzuenoi ere. Ondorio hauek orain arte batutako sinadura gehituko dizkiogu, eta dena batuta, udal ordezkariei aurkezteko asmoa dugu”.