Ana Martinez eta Elaxar Lersundi: "Gure nahia da trantsizio prozesua erabat despatologizatzea"
Ekai Lersundiren heriotzak gizartearen kontzientzia astindu zuen iaz. Ordutik, hainbat aldaketa eman badira ere, egoera normalizatzeko oraindik ere asko dagoela egiteko diote haren gurasoek.
Izen eta izaera berria hartu ditu Chrysallis EH elkartea zenak. Orain, 100 familia baino gehiago batzen ditu Naizen Adingabe Transexualen Guraso Elkarteak. Elaxar Lersundi (Ondarroa, 1964) eta Ana Martinez (Ondarroa, 1974) ere elkartea osatzen dutenen artean daude.
Chrysallisen adar izatetik talde independentea izatera pasa da orain Naizen. Zergatik?
Ana Martinez: Hego Euskal Herri mailan gero eta jende gehiago batzen hasi gara, eta hori dela eta, elkarteari izaera berri bat ematea erabaki dugu.
Elaxar Lersundi: Eskaerak egiterako garaian, tokiko erakundeetara jo behar izaten dugu, eta, horretarako, elkarte propioa sortzea onena dela iruditu zaigu.
Elkarteko kideontzat zenbaterainoko garrantzia dauka talde propioa edukitzeak?
E.L.: Psikologikoki asko eragiten duela esango nuke, bai onera eta baita txarrera ere. Orain erantzukizun gehiago dauzkagu, baina emaitzak ere gehiago izango dira. Izena eta irudia aldatu baditugu ere lana berdin-berdin egiten jarraituko dugu, orain arte egin dugun modura. Aurkezpenean esan genuen modura, krisalidatik irten eta orain hegan egiten hasi gara.
Gaiari ikusgaitasun handiagoa emateak eduki du zerikurik elkartea hazteko orduan?
A.M.: Bai, noski. Ekairena gertatu ondoren, gaiari buruzko ikusgaitasuna indartu da. Martxotik ekainera bitartean, esaterako, hilero, hamar familia berri batu dira elkartera.
Naizen elkartearen aurkezpena moduko egun garrantzitsu batean Ekaiegaz akordatzea oso polita izan da guretzat
Egun gutxi barru beteko da urtebete semea hil zela. Zelan zaudete?
A.M.: Egun gorabeheratsuak ditugu, edozeinek lantxerik. Urtebete igaro da, baina egun batzuetan atzo izan zela dirudi, eta beste batzuetan, aldiz, urteak pasa direla ematen du. Data hurreratu ahala, baina, gertaera atzo izan zelakoan nago.
Ekai, gainera, gogoan eduki zuten Naizenen aurkezpenean. Zelakoa izan zen zuentzat?
A.M.: Oholtza gainera igotzeko eskatu ziguten, eta zeharo harrituta geratu ginen. Ekairen argazki erraldoi bat ipini zuten, eta bertan zegoela zirudien.
E.L.: Jon Maiak eta Onintza Enbeitak Ekairen omenez bertsoa bota zuten unea ere izugarria izan zen, hunkigarria benetan. Naizen elkartearen aurkezpen eguna moduko egun garrantzitsu batean beragaz akordatzea oso polita izan zen guretzat. Ez dugu erraz ahaztuko.
Elkarteak ere laguntza handia eman dizue une latz hauetan.
E.L.: Familia berri bat modura dira guretzat, zentzu guztietan. Babesa ematen dizuen jendea alboan daukazula jakitea garrantzitsua da, eta hori eskertzekoa da.
Ume baten kasuan, beharbada, hiru hilabete ez da hainbeste, baina 15 urtegaz, nerabezaro erdian dagoen batentzat, hamabost egun ere asko da
Semeak mutila zelan esan ondoren, zeintzuk pauso eman zenituzten trantsizio prozesua hasteko?
A.M.: Hurreko lagun baten iloba transexuala da, eta hari deitu nion. Chrysalliseko kontaktu bat eman ziguten, eta zer pauso eman behar genituen azaldu ziguten. Deia egin eta biharamunean, familia medikuarengana jo genuen, eta hortxe aurkitu genuen gure ibilbideko lehen oztopoa. Artatu gintuen medikuak zer egin behar zuen ez zekiela esan zigun. Chrysallisekoek esandakoaren arabera, Gurutzetako ospitaleko Genero Identitateko Unitatera bidaltzeko eskatu genion. Medikua ordenagailuan begiratzen hasi zen, baina ez zuen paperak egiteko aukerarik bilatzen. Handik-hemendik lortu zuen txanda eskatzea.
Noizkorako eman zizueten lehenengo txanda?
E.L.: Hiru bat hilera. Ume baten kasuan, beharbada, hiru hilabete ez da hainbeste, baina 15 urtegaz, nerabezaro erdian dagoen batentzat, hamabost egun ere asko da. Gure kasuan, denborak oso luzeak izan ziren, eta hori zen gure arazorik handiena, denbora kontran genuela.
Zelako esperientzia eduki zenuten lehen txandan?
A.M.: Bi psikologok eta psikiatra batek artatu gintuzten. Psikologoak galdera mordoa egin zizkion semeari, denak ere zentzunik gabekoak, nire ustez. Gogaikarria izan zen hainbeste galderari erantzun beharra. Galdeketa amaitu ondoren, psikologoagaz beste saio bat egin, eta endokrinoarengana bidaliko gintuztela esan ziguten. Gure semeak hormonak hartzen hasi nahi zuen lehenbailehen, eta baikor irten genuen kontsultatik, endokrinoarengana nahikoa arin bidaliko gintuztelakoan. Mutila izanda, bularrak haztea eta hilerokoa edukitzea gelditu nahi zituen, bere identitateagaz ez zetozelako bat.
Eta hurrengoko mediku txandan dena ondo joan zen?
A.M.: Psikologoren txanda lehen bisitatik hiru bat hilabetera eman ziguten, eta kontsulta amaitu orduko beste txanda bat emango zigula esan zigun. Lehenengo kontsultan bere lankideak hurrengo txandan endokrinoarengana bidaliko gintuela esan zigula aipatu genion; hainbat aitzakia eman ondoren, bertara bueltatu behar genuela esan zigun. Hurrengoko txanda psikiatragaz eman ziguten, beste hiru bat hilabetera.
Eta zelan?
A.M.: Psikiatrak semeari zelan zegoen galdetu zion, eta ondo zegoela esan zionez, psikologoaren txanda eman zion, handik hiru hilera. Psikologoak ere zelan zegoen galdetu zion semeari, eta hilerokoa zeukanean txarto sentitzen zela aipatu zion, bera mutila zelako, eta ez zuelako hilekorik eduki nahi. Medikuak alternatibak bilatzeko eskatu zion.
E.L.: Egunen batean psikologo hori aurrez aurre edukitzeko gogoa daukat. Zera esango nioke: “Zeure aholkuei esker semeak aurkitu zuen bere arazoei alternatiba: bere buruaz beste egitea. Begiratu zer lortu zenuen”.
Badirudi Ekairena gertatu ostean pausoak ematen ari direla, geldika bada ere. Berak egindako ahalegina ez da hutsean geratuko
Endokrinoarengana joateko txandarik eman zizueten?
A.M.: Halako batean endokrinoarengana joan ginen, bai. Hainbat mediku proba egin zizkioten semeari bere gorputza hormonak hartzeko baliokidea zen edo ez jakiteko. Otsailaren 15ean suizidatu zen semea, endrokinoak emaitzen berri emango zigun txanda baino astebete lehenago. Emaitza guztiak ondo egonez gero, denbora gutxian hormona tratamenduagaz hasi ahalko litzatekeela esan nion semeari hil baino egun batzuk arinago; pozik ikusten nuen.
E.L.: Pozik zegoenaren itxura erakusten bazuen ere, nire ustez, prozesua beste behin ere luzatuko zela zeukan berak buruan.
Kontatu duzuenaren arabera, hainbat oztopo eduki zenituzten bidean.
A.M.: Familia medikuak ez zuen gaiari buruzko prestakuntzarik. Mediku txanden arteko epeak ere oso luzeak izan ziren, endokrinoarengana bidaltzea nabarmen luzatuz. Askok, gainera, ez zuten gureganako enpatiarik erakutsi. Nik ezin dut esan nire semea hormonak ez zizkiotelako eman suizidatu zenik, baina bidean aurkitu dituen oztopoak lagundu zutela uste dut. Hormonak hartzen hasi, eta bere burua gorpuzkera aldatuta, gizon itxuragaz, ahotsa aldatuta (…) eta bere burua ispiluaren aurrean sentitzen zen modura ikusi izan balu, zeinek daki bere buruaz beste egingo zuen ala ez, nik beti duda hori edukiko dut.
Ekairen kasuan, eduki zenuten epe horiek mozteko aukerarik?
A.M.: Prozesua Katalunian hasteko ere gomendatu ziguten, baina Ekairen nahia hemen egitea zen.
E.L.: Hemen hasi nahi zuen tratamendua, berarentzat eta atzetik datozenentzako ibilbidea egiten hasteko. Badirudi Ekairena gertatu ostean pausoak ematen ari direla, geldika bada ere. Berak egindako ahalegina ez da hutsean geratuko. Guk, behintzat, Ekaik hasi zuen borrokagaz jarraitzea erabaki dugu, beragatik.
Urtebetean ezer aldatu al da?
A.M.: Zentzu askotan bai. Orain, psikiatragaz lehen txanda bakarra eduki ostean, endokrinoarengana zuzenean bidaltzea lortu dute. Baina gure nahia trantsizio prozesua erabat despatologizatzea da. Horretarako, psikiatragaz eduki beharreko lehen txanda hori kentzea eskatzen dugu. Psikiatrarengana bidaltzen bazaituzte, gaixotasun mentalen bat izango bazenu modura tratatzen zaituzte, eta gauzak ez dira horrela. Naizen elkartea hori aldatzeko eskatzen ari da orain, eta Bizkai, Gipuzkoa eta Araba mailan ere Nafarroan dagoen moduko protokoloa ezartzeko eskatu nahi dute.
E.L.: Medikuek, beste alde batetik, gaiari buruzko heziketa eduki beharko lukete, gure ustez, kasu baten aurrean erantzun egokia eman ahal izateko. Horrelako kasuetan zer egin behar den dioen ohar bat osasun etxe guztietara bidaltzea ez dut uste asko kostatzen denik.
[ELKARRIZKETA OSOA PAPEREZKO EDIZIOAN]