Zazpi aste iraungo dute Mutrikuko Galbaixoko errepidea konpontzeko lanek
GI-3230 errepidea konpontzeko lanak datorren egunotan hasiko direla aurreikusten dute Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek
Errepidearen konpontze lanak Marizkurrena enpresak egingo ditu. Lanak barikuan [otsailak 8] esleitu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Larrialdi mailako prozedura erabili da astebetean proiektu berri bat egin, eta lanak esleitu ahal izateko. Lanen kostua 190.600 eurokoa da.
Aldundiko iturriek gogorarazi zutenez lanek ez diete Mutriku eta Deba arteko GI-638 errepidea hobetzeko lanei eragingo. Mutriku eta Deba lotzen dituen GI-638 errepidea hobetzeko lanak direla eta, apirila aldera itxiko da kostaldeko errepidea, eta aurreikuspenak betetzen badira, Galbaixoko errepidea konpontzeko lanak martxoaren bukaera edo apirilaren hasierarako prest egongo dira. “Kostako errepidea ixten denerako bukatuta egongo dira Galbaixoko lanak. Itxierak irauten duen bitartean, hau izango da Mutrikura iristeko ordezko bidea, eta funtzio hori beteteko prest egongo da”.
Otsailaren 1ean erori zen GI-3230 errepidearen zati bat, 4. kilometroaren parean, euriteek eragindako lurjausi baten ondorioz. Eta errepidea ordutik itxita egon da segurtasuna bermatzeko. Bidea, hain zuzen ere, aurretik pitzadurak zeuden lekuan apurtu zen, lurra eta errepidea hondoratuz. “Foru erakundeak bazituen aurreikusita zenbait ekintza errepide honetan eta, hain zuzen ere, jausitako zatia hobetzeko proiektua lizitatuta zegoen. Asteburuko gertakariek, ordea, beharrezkoa egin dute larritasun mailako esku hartzea”.