Egun osoko jaiagaz omenduko dute Ekai Lersundi zapatuan, Ondarroan
Barikuan [otsailak 15] urtebete beteko da Ekai Lersundi gazte ondarrutarren heriotza gertatu zenetik. Eta Naizen Adingabe Transexualen Guraso Elkartearen ekimenez, hainbat ekitaldi antolatu dituzte zapatuan [otsailak 16] Ekai gogoratzeko.
12:00etan hasita omenaldi ekitaldia egingo dute Itsasaurren, Ekai Lersundiren aldeko oroigarriaren aurrean. Bi orduko ekitaldian bertsoa, kantua edota dantza uztartuko dituzte. Eta gutxi aurreratu badute ere, hainbat ezusteko egongo direla nabarmendu dute antolatzaileek. Besteak beste, Ekaitz Goikoetxeak bertso bat botako du eta Ondarroako Olatu kantu abesbatza gazteak abestuko du. Andrabandaren danbor hotsen artean amaituko dute goizeko ekitaldia.
Arratsaldean, berriz, bestelako emanaldia egingo dute Beikozinin, 16:30ean hasita. Herritarrei goizeko zein arratsaldeko ekitaldietan parte hartzeko eta gozatzeko deia egin diete Lersundiren familiakoek. Sarrera librea izango da, eta nahi duen guztia bertaratzera gonbidatu dute.
Arratsaldean, hainbat ezustekoren artean, Ekaitz Goikoetxearen poesia musikatuagaz gozatzeko tartea egongo da. Garoa talde mutrikuarrak, berriz, martxoan kaleratuko duen Marea Morea bigarren diskoko Ekai kantua estreinatuko du. Ekairen omenez egindako kantuaren hitzak Arkaitz Estiballes bertsolariak idatzi ditu eta kantuan Su Ta Gar taldeko Aitor Gorosabelek eta Bad Soun System-eko Morok parte hartu dute. Taldeak, gainera, disko berriko Katamaloa kantua ere estreinatuko du ekitaldian. Marea Morea eta Hariak hautsiz lanetako beste hainbat kantu ere joko dituzte Beikoziniko oholtza gainean.
Beikoziniko emanaldia amaitu ostean, bestalde, Butterfly britainiar mini telesail dramatikoaren hiru atalak esklusiban ikusteko aukera egongo da Bide Onera zineman, 20:00etatik 22:00etara. Telesailaren estreinaldirako sarrera doakoa izango dela gogorarazi dute. Hori bai, zinemako leihatilan gonbidapena jaso beharko da, “zinemak leku mugatua duelako”.
Euskal Telebistak telesailaren lehen denboraldiaren eskubideak erosi ditu, eta denboraldia osorik emango dute Ondarroan, esklusiban. ETBren bigarren kateak zapatu gauean estreinatuko du telebistan telesaila. 22:00etatik aurrera emango dute lehen atala. Aurretik baina mini telesailaren hiru atalak Ondarroan emango dituzte.
Ekairi buruzko Mi pequeño gran samurai dokumentala ere asteburuan hasiko dira grabatzen, Arantza Ibarra zinemagile ondarrutarren zuzendaritzapean. “Omenaldiko hainbat irudi grabatuko dituzte dokumentalean sartzeko”.