Fede Badiola eta Maitane Uribe: "Sortzen ditugun lanak plazaratzeko leku duin bat eduki nahiko genuke"
Eskualdean arte eszenikoetan erreferente esanguratsua izango litzatekeen proiektua garatu nahi dute Artekubukoek. Batzarra egingo dute zapatuan [otsailak 16], 18:30ean, Kofradia Zaharrean.
Arte ekimenek leku egoki bat behar dutela eskatzen duzue.
Fede Badiola: Herrian dauden eraikinetan hainbat aukera ikusten ditugu. Bide Onera zinema konpontzea, Mojetako auditorioak erabiltzeko zer aukera dituen ikustea edo Zeledonioko eraikinean zerbait egin daitekeela uste dugu. Eta toki horietan guk eskatzen dugun tokia egokitzea posible ez bada, arte eszenikoentzako propio erabiltzeko eraikin berri bat egitea proposatzen dugu.
Maitane Uribe: Egia esan, Ondarroan sekula ez da egon arte eszenikoetarako egokia den lekurik; guk gogoratzen dugunik ez behintzat. Sortzen ditugun lanak plazaratzeko leku duin bat eduki nahiko genuke. Leku egoki bat edukiz gero, Euskal Herri mailan edo kanpoan sortutako bestelako ikuskizunak ere ikusteko aukera egongo zen. Artezale asko dago herrian, baina ditugun baliabideekin, ezin dira hainbat emanaldi ertain eskaini; dauden lekuek, ez dute behar besteko baldintzarik betetzen.
Zer falta da?
F.B.: Tamaina bateko agertokiaz eta lokalak duen edukieraz gain, beste hainbat gauza behar izaten dira. Eszenatokiaren atzean, esaterako, nahikoa toki behar izaten da, eta berton behintzat, ez dugu horrelako aukerarik. Gure asmoa eskualdean erreferente izango den arte eszenikoekin zerikusia duten diziplina guztiak sortzeko eta plazaratzeko toki bat sortzea da. Urrutira joan gabe, baditugu guk sortu nahi dugun espazioaren antzeko adibideak: Gernika-Lumoko Astra edo Andoaingo Bastero kulturgunea, esaterako.
Iaz udaberrian aurkeztu zenuten egitasmoa. Zelan joan zen?
M.U.: Espero baino jende gehiago batu ginen. Arte eszenikoekin zuzenean lotuta dagoen jendea batu ginen.
F.B.: Batzar hori, gainera, beste gai baten harira deitu genuen.
Zerren harira?
F.B.: Udala HAPOri buruzko batzarrak egiten hasia zegoen, eta iruditu zitzaigun gure ideiak ere hantxe eduki behar zuela bere lekua. Izan ere, gure proposamenak HAPOan ez badu lekurik, ez dute kontuan hartuko. HAPOn sartzeko ideiaren bat behar genuenez, batzarra egin genuen hainbat herritarrekin. Zer ideia zeukaten eta gure proposamena zer iruditzen zaitzaien galdetu genien. Eta etorri ziren denak bat etorri ziren herriak arte eszenikoetarako leku propio bat behar duela.
Bigarren batzarra ere antolatu duzue zapaturako.
F.B.: Herritarren iritziak jaso nahi ditugu. Gai honi buruzko interesa duten guztiak eta kalean gaiari buruzko hainbat komentario egin digutenak ere etortzera gonbidatuta daude. Proposamen bat gorpuztu eta zehazteko hausnarketa kolektibo bat egingo dugu, hori gero udalari aurkeztu, eta HAPOren barruan sartzeko eskatzeko.
Sinadurak ere jaso dituzue.
M.U.: 1.000 sinaduratik gora jaso ditugu, eta horiek udal ordezkariei aurkezteko asmoa dugu. Zapatuko batzarrean zehazten dugun proposamena sinadurekin babestuta aurkeztu nahi dugu, hain zuzen.
F.B.: Udal ordezkariekin telefonoz egoteko aukera eduki dugu, eta jarrera ona erakutsi dute. Gure asmoa proposamena aurkeztea da. Badakigu proiektua gauzatzeko dirurik ez dagoela orain, baina udalak proiektua egiteko ardura hartu beharko luke, eta aldundian, Jaurlaritzan, Europan… eskatu behar den tokietan eskatu diru laguntza;nahi badute bidelagun izango gaituzte. Ea behingoz ea gauza eder bat egitea lortzen dugun.