Janari bilketa egiteko boluntarioak behar ditu Ondarroako Yaalah elkarteak
Saharako Ilargi Erdi Gorriaren eta Emakumeen Nazio Batasunaren deiari erantzunez, eta Sahararekiko elkartasun taldearen koordinazioaren barnean, Sahararen aldeko 15. Euskal Karabanarako janari bilketa egiten ari dira Ondarroan, eta Yaalah elkarteak bilketagaz laguntzeko boluntarioak behar dituela agertu du.
Bilketaren azken txanpan sartuta, bariku [otsailak 15] arratsaldean eta zapatu [otsailak 16] goizean herriko hainbat saltokiren aurrean egongo dira. Janari bilketan txanda egiteko prest daudenek 625 986 839 telefono zenbakira deitu, yaalahelkartea@gmail.com helbide elektronikora idatzi, sare sozialen bidez mezu bat bidali edo elkarteko bateren bategaz jarri daitezke harremanetan.
Saltokietan batzen den guztia biltegiratu eta sailkatzeko ere jendea beharko dutela gaineratu dute. Gogorarazi dutenez, bilketan parte hartu nahi dutenek otsailaren 22ra arte edukiko dute euren alea ipintzeko aukera ikastetxeetan eta Musika Plaza azpiko bulegoan.