Mikel Stevenson ondarrutarrak bi domina lortu ditu Utahko Jiu-Jitsu torneoan
Gi deritzon diziplinan bigarren egin du eta No Gi-n, berriz, hirugarren.
Mikel Stevenson Arantzamendi Birjina uharteetako Saint Croix uharteko (AEB) Brazilian Jiu-Jitsu taldeko kirolari ondarrutarrak estreinako parte hartu du Jiu-Jitsuko txapelketa batean, eta Utah-ko (AEB) torneoan parte hartu duen bi diziplinetan podiuma egin du, gizonezkoen 18-29 urte bitarteko 170 libraz azpiko kategorian. Gi deritzon diziplinan bigarren egin du eta No Gi-n, berriz, hirugarren.
Gi kategorian lehenengo hiru borrokaldietan oso emaitza onak lortu zituen. “Gustura ibili nintzen, eta nahikoa erraz irabazi nituen”. Laugarren borrokaldian ondo aritu bazen ere, aurkaria hobeto aritu zela esan du. “Irabazteko aukera bat ere eduki nuen, baina ihes egin zidan”.
No Gi kategorian, bestalde, hiru borrokaldi jokatu zituen. Txapelketa ez zuela ondo hasi agertu du. “Berez, 13:00etan nuen borroka, baina 10:00etara aurreratu zidaten. Urduri ipini nintzen, eta hainbat akats egin nituen”. Bigarren borrokaldian hobeto aritu zen, eta irabazi egin zuen. Azken borrokadia bi puntugatik galdu zuen.
AEBetako promozio mailako zirkuituko txapelketa batean parte hartze hutsagaz pozik dagoela nabarmendu du. “Txapelketa batean parte hartu dudan lehen aldia izan da, eta esperientziagaz gustura geratu naiz”.
Ondarrutarrak aitortu duenez, denbora gutxi darama Jiu-Jitsu ikasten. “Duela bi urte Bartzelonan ikasten ari nintzela probatu nuen”. Orain, berriz, Karibe aldean ari da lanean, eta bertako eskola batean jo eta ke dihardu brazilgo arte martzialak ikasten. “Etorkizunean, ahal badut, beste txapelketa batean parte hartzea gustatuko litzaidake”.