Miquell Saumell artistaren marrazki erakusketa antolatu du Ondarroako Luterl taldeak
Deban bizi den marrazkilari eta gitarra jotzaile katalanaren 'Passat i futur-Iragana eta etorkizuna' erakusketa ikusgai egongo da barikutik [otsailak 15] otsailaren 24ra, Ondarroako udal erakusketa aretoan.
Miquel Saumell-en ‘Passat i futur-Iragana eta etorkizuna’ erakusketak oso aintzinako lanak eta orain gutxi egindakoak jasotzen ditu. Denetara, Debako bizilagunaren hemeretzi marrazki egongo dira ikusgai, denak ere neurri askotarikoak.
Ikusgai egongo diren marrazkiak oso pertsonalak direla nabarmendu dute antolatzaileek; zuri-beltza da nagusi, “kolore apur batekin”.”Rotring-a eta pintzela erabiltzen ditu batez ere marrazkiak egiteko. Gerokoan lixiba, hondarra eta bestelako elementu batzuk erabiltzen ditu testura desberdinak lortzeko”.
Barikutik [otsailak 15] otsailaren 24ra honako ordutegian egongo da ikusgai erakusketa: astegunetan 18:30etik 21:00etara; eta zapatu-domekan 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara.
Otsailaren 20an marrazkilari eta gitarra jotzaileari buruzko irratsaioa eskainiko dute Radixu Irratiako Azken Mohikanoak saioan
Globhitoren 30. zenbakia ere kaleratuko dute Luterl taldekoek. Erakusketa aretoan zein herriko hainbat tabernetan ipiniko dute eskuragai. “Oraingo honetan diptikoa izango da. Barruan Miquel Saumell-eri egindako elkarrizketaren zati bat agertuko da, bera hobeto ezagutzera emateko”. Erakusketan, gainera, hainbat komiki eskuratzeko aukera ere egongo da.
Otsailaren 20an, berriz, marrakilariari eta gitarra jotzaileari buruzko irratsaio berezia eskainiko dute Radixu Irratiako Azken Mohikanoak saioan, 22:00etatik aurrera. Marrazkigintzan eta musikan egindako ibilbidea ardatz hartuta eginiko elkarrizketa emango dute, hain zuzen.
Hainbat gai izango dituzte hizpide elkarrizketan. Saumell-ek, besteak beste, duela 40 urte ekin zion musika ibilbideari Herri Katalanetan, eta Euskal Herrira bizitzera etorri zenean jarraipena eman zion. Bertoko hainbat taldetan ibilia da, eta gaur egun, Ez Dabil taldean gitarra jotzen du. Duela gutxi maketa kaleratu dute. Elkarrizketatua, gainera, oso musikazalea ere bada, 3.000 binilotik gorako bilduma baten jabe da. “Lan horiek sarri entzuten ditu”.
Egunotan Mutrikuko Zubixa tabernan egon da Miquel Saumellen beste erakusketa bat. Zubixan Anna Rosello idazle katalanaren liburu bateko pasarteetan oinarritutako ilustrazioak egon dira ikusgai.