Hainbat berritasun dakartza Ondarroako kantu bazkariak
Zubi Zahar Herri Ikastolaren ekimenez, zapatuan [otsailak 23] egingo dute kantu bazkaria. Sarrerak salgai daude.
Ondarroan kantu zaletasun handia dagoela jakitun, aurten ere kantu bazkaria antolatzea erabaki dute Zubi Zahar Herri Ikastolakoek. Zapatuan [otsailak 23] laugarrenez egingo dute ekintza kulturala; aurtengo kantu bazkaria ezustekoz eta berritasunez beteta datorrela iragarri dute antolatzaileek. “Giro oso ona egongo da. Etorri Ondarroako kantu zaletasunagaz gozatzera”.
Bazkaria 14:30ean hasiko da, baina aurretik kalejira musikatua egingo dute. Kantuzaleak batzeko hitzordua 13:00etan ipini dute. Alde Zaharrean hasi, eta kalejira girotsua egingo dute Kamiñazpira arte, tartean hainbat geldialdi eginez.
Kalejira amaitu orduko, ikastolako jantokian batu, eta eskualdeko produktuez egindako bazkari goxoa jateko aukera izango dute kantuzaleek. Bazkalostean hasi eta iluntzera arte euskal kantuak abesten ariko dira Angel Mariezkurrena abeslariak eta harekin batera etorriko diren Aitor Ibarra Jalixko (tronpeta) eta Beñat Mitxelena (soinujolea) musikariek gidatuta. Kantu herrikoien artean Ondarroakoak ere abesteko tartea egongo dela aurreratu dute antolatzaileek. Gaineratu dutenez, kantu liburuxkak jantokian bertan egongo dira salgai.
Bazkaria 14 urtetik gorakoentzat dela gogorarazi dute. Txartelak salgai daude, eta horiek erosteko azken eguna eguena [otsailak 21] izango dela nabarmendu dute; txartelak 20 euroren truke Kuriken eta Garoan eros daitezke. Toki fisikoetan ez eze, txartelak aurten Whatsapp bidez ere lortu daitezke estreinako. Txartelak erosi nahi dutenek 635 725 990 telefono zenbakira idatzi besterik ez dakaute. “Ondarroara sarrerak erostera etorri ezin dutenei aukera berri hau ematea erabaki dugu”.
Iazko argazki galeria HEMEN ikusgai.