Maria Egiguren ondarrutarrak Zaldupeko ikasleekin ospatu du 102. urtebetetzea
Belaunaldiarteko programan parte hartzen ari diren ikasleen besarkadak, zorion agurrak eta omenaldi xumea jasotzeko aukera eduki du.
Maria Egiguren ondarrutarrak astelehenean [otsailak 18] bete zituen 102 urte. Astelehenean hurrekoekin batera egun berezia ospatzeko aukera eduki zuen. Gaur [otsailak 19], bestalde, urtebetetze ospakizunekin jarraitzeko aukera eduki du Egigurenek Ondarroako eguneko zentroan.
Belaunaldiarteko programan parte hartzen ari diren ikasleen besarkadak, zorion agurrak eta omenaldi xumea jasotzeko aukera eduki du Maritxu Egigurenek. Egitasmoari esker, bi astetik behin eguneko zentroko egoiliarrak bisitatzera joaten dira Zaldupe ikastetxeko LH 5. mailako ikasleak, belaunaldi arteko harremana sendotzeko asmoz. Gaurkoan, bingoan jolasteko aukera eduki dute. Taldetan banatuta jokatu dute, eta gazteenak egoiliarrei laguntzen aritu dira.
Bigarrenez bingoa kantatu ostean, Zorionak zuri abestu diote Egigureni. Hainbat ikasle eta egoiliar alboan zituela pozik amatatu ditu urtebetetze tartaren kandelak. Ondoren, tarta zati bana jan dute denek ospakizunari kolorea emateko.