Mutrikuko EH Bilduk alkatetzarako proposatutako hautagaiek agerraldi publikoa egingo dute
Mutrikuko EH Bilduren alkategairako euren burua aurkeztu duten Joakin Larrañagak eta Joseba Palenzuelak solasaldia emango dute eguaztenean [otsailak 20], Zabiel kultur etxeko 1. solairuan, 19:00etan.
Bi hautagaiak buruz buru ariko dira eguaztenean egingo duten agerraldian. Bakoitzak bere aldetik, 2019-2023 agintaldira begira zeintzuk diren beren erronka nagusiak azaltzeko aukera edukiko du.
Garoa Arizmendi izango da ekitaldiko moderatzailea. Hautagaitza prozesua zelan joan den azalduko du, eta, aldi berean, azken hilabeteetako ibilbidea zelan marraztu duten eta parte hartze prozesuari buruzko ikuspuntuak ere azalduko ditu. Era berean, Mutrikuren diagnostikoari buruz jasotako emaitzez jardungo du, eta azkenik, Mutriku 2023 deritzon erronken ildo nagusiak agertuko ditu.
Solasaldiari dagokionez, hautagai bakoitza bere burua aurkeztera zerk bultzatu duen azalduz hasiko da. Gero, agintaldirako dituzten ildo nagusiak zeintzuk diren azalduko dituzte: gardentasuna, partaidetza, eraginkortasuna… Solasaldiarekin amaitzeko, hautagai bakoitzak hurrengo lau urteetan zein alorretan egingo lukeen indar gehien agertzeko aukera edukiko du. Herritarrek, gainera, hautagaiei galderak egin eta kezkak agertzeko tartea ere edukiko dute.
Ekitaldiarekin amaitzeko, moderatzaileak alkategaia aukeratzeko burutuko den bozketari buruzko informazioa emango du. “Edozein herritarrek otsailaren 22, 23 eta 24an bere bozka eman ahal izateko”. Prozesu horretan parte hartu nahi dutenek oraindik ere erroldan izena emateko aukera zabalik dutela gogorarazi dute. “Erroldan izena emateko epea bozketa egunera arte dago zabalik”.
Publicada por Eh Bildu Mutriku en Viernes, 15 de febrero de 2019