Ondarroako ikastetxeek Inauterietako kalejira egitea erabaki dute
Nasa kaleko lanak direla-eta, eta hasiera batean bidea itxita egongo zela aurreikusten zenez, ikastetxeek Inauteri Eguneko kalejira ez egitea adostu zuten. Udalak lanak amaituta egongo direla ziurtatu die ikastetxeei, eta hortaz, eguraldi ona baldin badago kalejira normaltasunez egingo da.

Udal iturriek azaldu dutenez, lanak datorren astean amaitzea aurreikusten dute. “Bidean egin behar dituzten lanak amaituta egongo dira. Hori bai, espaloia konpontzea falta da. Losa zati bat apurtuta dago Nasa kaleko 19. atariaren parean, eta hori amaitu bitartean bidea ez da zirkulaziora zabalduko, baina kalejira zein oinezkoak igarotzeko zabalik egongo da”. Inauteri Eguneko kalejiraz gain, aurreko zapatuan egingo den Lantzoi jaunari ongi etorria ere normaltasun osoz egingo da.
Kalejirari dagokionez, 11:30ean hasiko da Ibaiondon. Eta handik, ikasleak Itsasaurre plazara abiatuko dira kalez kale dantzan. Kalejira amaitutakoan, bestalde, animazioa egongo da Txirrimorraskiren eskutik.
Inauteriei begira egitarau zabala prestatu du udalak herriko hainbat kultur eragileekin batera. Eta aurten, mozorro lehiaketa antolatu dute estreinako. Lehiaketa martxoaren 2an (zapatua) egingo dute, 23:15 aldera, Musika Plazan. 22:30ean Joxpa taldearekin erromeria hasiko da, eta eten bat egingo dute lehiaketa egiteko. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek Musika Plazan bertan izena emateko aukera edukiko dute, 22:30etik 23:00etara.
Txirrimorraskikoek aurkeztu eta dinamizatuko dute mozorro lehiaketa. Bi sari banatuko dira: taldekakoa eta banakakoa. Mozorro lehiaketako sariak herriko dendetan trukatzeko aukera egongo da. Taldekako saridunek 250 euroko erosketa txartela irabaziko dute eta bakarkako saridunak, berriz, 100 eurokoa.
Era berean, tabernak eta dendak apaintzeko lehiaketa ere antolatuko da urtero bezala. Lehiaketan izena eman nahi dutenek udal kultura sailean edo jrosa@ondarroa.eus posta elektronikora idatzita egin dezakete. Izena emateko azken eguna otsailaren 28a izango da, 14:00ak baino lehenago. Taberna onenak 500 euroko saria jasoko du, eta denda onenak, berriz, 300 euro. Era berean, aipamen sari bana ere banatuko da kasu bietan; 100 euroko saria izango da.