Izurdeak agertu dira Ondarroan
Hiru izurde Ondarroako portuko uretan ibili dira igerian. Asko izan dira bisitari berrien joan-etorriak ikustera portura hurreratu direnak.
Gaur [otsailak 26] goizean Ondarroako portuan paseatzen zebiltzanek ezusteko ederra hartu dute. Izan ere, hiru izurde igerian ikusteko aukera eduki dute. Izurdeak, batez ere, portuko arlanpa parean eta Gurutze Gorriaren aurreko tartean ibili dira.
Ez da oso ohikoa izaten izurdeak portuko uretan ikustea, eta asko izan dira hiru bisitari berriak ikustera portura hurreratu direnak. Zetazeoak hurbiletik ikusteko aukera eduki dutenek ederki gozatu dute, eta tartean-tartean argazkiak eta bideoak atera dituzte.

Ondarroako portuko uretan ikusi diren hiru izurdeak
Ambar itsas faunaren zaintzaz arduratzen den elkarteko adituek agertu dutenaren arabera, kantauriko izurde arruntak dira (Delphinus delphis) eta itxuraz, ondo daudela dirudi. Izurde mota hori ur tropiko eta epeletan bizi bada ere, plataforma kontinentaleko uretan ere agertu ohi dira, eta ohikoak dira Bizkaiko golkoko uretan. Talde handietan bizi dira, eta itsasontzietara hurbiltzeko joera dute horiek sortutako olatuekin jolas egiten. Izurde arruntak 2 eta 2,20 metro bitarteko luzera du eta 70-130 kiloko pisua izatera iritsi daitekeen zetazeoa da.
Adituen arabera, janari bila sartuko ziren portuko uretara. Urteko garai honetan nahikoa hurreratzen omen dira kostaldera, eta baliteke arrantzontziren baten atzetik sartzea portura. “Batzuetan portuetara hurreratzen dira. Baina ez izurde mularren beste”. Egunotan hainbat kantauriko izurde arrunt ikusi dituzte kostaldean. “Asteburuan, esaterako, Matxitxako paretik hainbat izurde ikusi ditugu”.
Gogorarazi dutenez, izurdeei lasai uztea komeni da. “Animalia basatiak dira, eta eurengana ez hurbiltzea komeni da. Gutxien pentsatzen duzunean buztankada bat eman ahal dizute eta”.

Izurdea Ondarroako portuan