Bizkaiko Batel Ligaren 4. estropada jokatuko dute Ondarroako uretan
Arraunzaleek beste hitzordu bat izango dute zapatuan [martxoak 2], 15:15etik aurrera. Izan ere, Bizkaiko Batel Ligaren 4. estropada jokatuko dute Artibai ibaian zehar.
Ondarroako Arraun Elkarteko neska gazteak. Argazkia: Ondarroa Arraun Elkartea Bizkaiko Arraun Federakuntza arduradunek aurreratu dutenez, Bizkaiko hainbat klubetako 100 batel inguru espero dituzte Ondarroako uretan. Parte hartzeari dagokionez, Lea-Artibai taldeek ordezkaritza zabalena edukiko dute.
Ondarroak 22 batel uretaratuko ditu: 3 alebin neska, 3 alebin mutil, 1 alebin misto, 2 txiki neska, 3 txiki mutil, 1 txiki misto, 5 kadete neska, 2 kadete mutil eta 2 gazte neska. Isuntzak, bestalde, 15 batel uretarako ditu: 3 alebin neska, 2 alebi mutil, 3 txiki neska, 2 txiki mutil, 3 kadete neskak eta 2 kadete mutilak.
Estropadari dagokionez, lau kategoriatan banatuta jokatuko da: alebinak, txikiak, kadeteak eta gazteak. Aurreratu dutenez, ez da absolutu mailako parte hartzerik egongo. Erlojupeko proba izango da, eta adin tarteari egokitutako ibilbidea bete beharko dute arraunlariek. Alebinek 500 metroko estropada osatu beharko dute, txikiek 1.000 metro, kadeteek 1.500 eta gazteek, azkenik, 2.000 metro.
Kafeatze eta portu inguruan ibiliko dira kategoria txikienetako arraunlariak. Alebinek, esaterako, Plaiko musturrean hasi eta Kafeatzeraino tartea egin beharko dute arraunean. Txiki mailakoek, berriz, Kafeatzen hasi eta Plai mustur pareraino joan-etorri egin beharko dute. Kadeteek Arrigorri badiara joan-etorria egingo dute Kafeatzetik, eta gazteak, azkenik, Saturrarango inguruetaraino joan-etorria egin beharko dute. Hau da, alebinek izan ezik, beste kategorietako arraunlariek ziaboga bakarra egin beharko dute.