Leo Belaustegi: "Arrantza industrialak espezie asko desagertarazi ditu gure ustez"
Ondarroa 12 milia elkarteak arrantza jasangarriari buruzko jardunaldia antolatu du zapatuan [martxoak 2] Donostian. Belaustegik jardunaldiari buruzko hainbat gorabeheraren berri eman du.

Ondarroa 12 milia elkartea arrantza jarduera jasangarria izan dadin arrantza politika aldatzeko eskatzen ari da azken urteotan. Elkartearen iritziz, arrantza politika berria beharrezkoa da. Ildo horretatik, Etorkizunerako arrantza eredu berria jardunaldia antolatu dute zapatuan [martxoak 2], 09:00etatik 14:00etara, Donostiako Aquariumean. Jardunaldiak irekiak dira, eta herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte.
Zenbat hizlarik parte hartuko dute jardunaldian?
Denetara bost hizlari daude, eta bakoitzak bere arloari buruzko azalpenak emango ditu. Nagore Zaldua (Ondarroa 12 milia), Leandro Azkue (Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendaria), Ibon Galparsoro (Azti), Eneko Aierbe (Ekologistak Martxaneko arrantza arduraduna), Javier Lopez (Atlantiko Iparekialdeko arrantza jasangarri arduraduna. Oceana) eta Pep Coll (Balear irletako itsas erreserbetako zientzilaria. Tragsa) izango ditugu gugaz.
Zergatik antolatu duzue jardunaldia?
Aspalditik ari ginen horrelako zer edo zer egin nahian. Arrantza gainbeheran dago, eta epe motzera ez badira neurri batzuk hartzen egoerak okerrera egingo duela uste dugu. Arrantza galtzen baldin bada, eragina itzela izango da bai ekonomikoki, eta baita kulturalki ere.
Zeintzuk neurri hartu beharko lirateke?
Gure itsasoaren kudeaketa zelan egin garrantzitsua dela deritzogu. Eta horretarako, arrantza jasangarria proposatzen dugu; gure helburua kostatik hasi eta itsas zabalera 12 miliako tarte hori itsas eremu babestua izendatzea da. Gune horretan artisau arrantza jasangarria egin ahalko da bakarrik.
Zer abantaila ekar dezake itsas eremu babestuak?
Arrainak bere bizitza zikloa betetzeko gunea eduki behar luke. Antxoa, berdela, txitxarroa, legatza, hegaluzea,… eta beste hainbat espezie Bizkaiko Golkora errutzera etortzen dira, eta askotan errun aurretik arrantzatzen dira. Babesgunea sortu behar da, eta, horrek, gure ustez, aberastasuna ekarriko luke eta espezie askoren ugaritzea. Hala eginez gero, arrainak bere bizitza zikloa beteko luke, eta arrainak asko ugarituko lirakete. Beharbada, gaur arte galdu diren beste hainbat espezie berreskuratzeko aukera ere sortu daiteke; bisigua, esaterako. Arrantza industrialak espezie asko desagertarazi ditu gure ustez, baina oraindik ere espezie gehienak berreskuratzeko denboraz gaude. Eta horri lotuta, bestalde, babesgunea Balearretan arrakastaz sortu dutenen esperientzia kontutako digute jardunaldian.
Zelan doa Balearretako esperientzia?
Guk daukagun informazioaren arabera, oso ondo doa. Hasiera batean arrantzaleak horrek kontra agertu ziren. Izan ere, babesguneak eskatzen dizu ezin dela arrantzan egin. Baina, gaur egun, arrantzale guztiak pozik daude, babestutako gune hori arrain haztegi bat dela ikusi dutelako.
12 milia horiek ez errespetatzeak zer eragin dauka?
Artisau ontziak ez diren asko kosta bazterrean ibilitzen dira arrantzan, eta izugarrizko kalteak eragiten ari dira.
Zer diote erakundeek?
Gure proposamenak zeintzun diren azalduko diegu, eta proposamenak gauzatzeko ea zer aukera ditugun ikusi beharko da.
Zein da arazorik handiena?
Arazorik handiena, askotan, arrantzale profesionalak izaten dira. Arrantzaleari esaten badiozu orain arte arrantzatu duen lekuan ezin duela arrantzatu, horren kontra agertzea balizkoa iruditzen zaigu. Planteatzen dieguna etorkizuneko arrantza da, ez egunekoa. Horregatik, arrantzaleak eta arrantza sektoreagaz lotura duten agente guztiak gonbidatu ditugu jardunaldira.