Ondarroan Artibai ibaira egindako lokatz isurketak herritarren kezka eragin du
Udalak adierazi duenez, Artibai ibaira isuritakoa "lurra besterik ez" da; ez dago ez material toxikorik ez arriskutsurik.
Gaur [otsailak 28] eguerdian basa isuria egon da Ondarroako Artibai ibaian, Zaldupe zubitik hurrean. Aurretik igaro direnak harrituta eta kezkatuta geratu dira, izan ere, ura bat-batean marroitzen eta gorritzen hasi da. Isuriaren berri eduki orduko, udaltzaingoa bertara joan da, eta protokoloa abian ipini dute. Udal teknikariek URA agentziara deitu dute, eta Larrialdi Zerbitzuetara deitu ostean, Ertzaintza ere agertu da.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak esan duenez, Artibai ibaira igorri dena KamiƱalde mendi magaleko basa izan da. Ez dela kaltegarria eta kutsagarria nabarmendu du. “Udalak adierazi nahi du lurra besterik ez dela eta beraz ez dagoela ez material toxikorik ez arriskutsurik. KamiƱaldeko mendi magaleko lanak egin ahal izateko bertan zegoen errekastoetako bat estali egin behar izan zen kamioiak igaro ahal izateko. Erreka zuloko ur hori hodien bidez berbideratu zen, baina teknikariek esan digutenez, antza denez, basa pilatzen joan da inguruetan eta tapoi antzerako bat sortu da”.
Alkateak gaineratu duenez, estalitako errekastoa bistaratzeko lanak egiten dabiltza, eta ustez, hondeatzaileak lurra mugitu duenean bertan pilatuta zegoen basa da ibaian agertu dena. “Gaur goizean errekako ura ibaira bideratzerako orduan bertan zegoen lur guztia isuri egin da. Pilatzen egon den basa hori eta bertan zeuden mineralek kolore gorrixka eman diote urari”.