Kosterako lehen antxoa merke saldu da bentan
Laredoko (Kantabria, Espainia) 'Nuevo Panelo Villa' baxurako ontziak porturatu ditu lehen aleak. Ondarroako bentan, nahikoa merke saldu da arraina; 3 euro azpitik. Alerik merkeenak euro batean ere saldu dira.
Gaur [martxoak 1] goizean denboraldiko lehen antxoa aleak lehorreratu dituzte Ondarroako portuan. Aspaldiko partez hiru turrun entzun dira herritarren eta arrantzaleen poztasunerako. Gaur zabaldu dute kostera, eta horregaz batera lehen aleak ikusi dira portuetan zein arraindegietan.
Laredoko (Kantabria, Espainia) Nuevo Panelo Villa baxurako ontziak porturatu ditu lehen aleak; guztira 290 kaxa porturatu dituzte, 2.200 bat kilo. Ondarroatik sei bat milia iparraldera arrantzatu dute arraina. Nahikoa arrain gaztea porturatu dute; kiloan 65 aleko ingurukoa.
07:00etako lehen bentan saldu dute arraina. Sortarik garestienetan, kiloa 2,72 euroan ordaindu dute. Merkenetan, berriz, kiloa 1,50 euro inguruan saldu dira. Kosterako lehen antxoa izateko arraina oso merke saldu dutela iruditu zaie Laredoko arrantzaleei.
Antxoa porturatzen hurrengoak Laredoko Sin Querer Tres ontziko marinelak izan dira. Kantabriarrek beren herrikoek baino antxoa haziagoa ekarri dute, kiloan 41 ale ingurukoa. Arrain handiagoa arrantzatu baldin badute ere, bentan ez da garestiago ordaindu. Kiloa 2,59 euroan saldu da.
Orioko Gure Gogoa ontziak, bestalde, 870 kaxa antxoa porturatu ditu. Ondarroako Ongi Etorri ontziko marinelek, berriz, 459 kaxa arrantzatu dituzte Orio parean. Nahikoa arrain hazia saldu dute ondarrutarrek, kiloan 46 ale ingurukoa.
Kanpaina hasteko kopuru polita lehorreratu dute arrantzaleek. Goizeko lehen orduetan, denetara, 2.300 bat kaxa (18.000 kilo inguru). Ondarroatik hurre arrantzatu dutenek lehorreratu dute arraina Egidazu kaian; Getaria eta Orio bitartean arrantzatu dute gehienek. Hori bai, arrantzaleen etsipenerako nahikoa merke saldu da arraina. Alerik merkeenak euro batean ere saldu dira.
Bizkaiko Golko guztian arrantzatu dute antxoa, eta horrek prezioak amiltzea eragin du. “Beste kosta batzuetako antxoa ere merkaturatzen da, Portugalgoa, esaterako, eta gaur barikua dela kontutan edukita ere, prezioak ez dira oso altuak izan”, azaldu dute Kalare Deuna kofradiako arduradunek.
Antxoagaz batera, kosterako lehen berdel aleak ere saldu dituzte gaur goizean. Bi ontzik 34 kaxa porturatu dituzte, eta kiloa, bataz beste, 3,70 euroan ordaindu dute. Tamainari dagokionez, kiloan 4-5 alekoa izan da. Sardina ere nahikoa porturatu dute goizean. 1.200 bat kaxa porturatu dituzte, eta kiloa, bataz beste, euro batean saldu da.