Aldundiek erabaki dute gaixorik dauden pinuak kobre oxidoagaz tratatzea
Tratamendurako proiektu esperimentala datozen hileetan egin nahi dute, eta 1.050 hektareatan aplikatu.
Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak ezezkoa eman dio Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiek pinuen gaixotasunari aurka egiteko aire bidezko tratamendu bat aplikatzeko egindako eskaerari. Horren aurrean, kobre oxidoagaz tratamendu esperimental bat egiteko asmoa agertu dute.
Tratamendurako proiektu esperimentala datozen hileetan egin nahi dute, eta 1.050 hektareatan aplikatu. “Prozesu esperimentalean tratamenduaren eraginkortasuna eta ondorioak ebaluatuko dira etengabe, tratamenduaren gainean gehiago jakiteko, 2020tik aurrera modu zabalagoan aplikatu daiteke eta”.
Neikerrek diseinatuko du tratamendu esperimentala, Foru Aldundiekin, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailarekin, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioarekin, URArekin (Uraren Euskal Agentzia) eta EHUrekin elkarlanean.
Baso egurraren sektoreak haserrea eta ardura agertu du Madrilen ezezkoarengatik eta, aldi berean, gaurko aldaezinezko egoeraren aurrean eskatu die Euskal Administrazioei Euskal Basogintzaren Sektorea onbideratzeko ahalegin gehiago egiteko, ahal bezain arinen eraginkorra izango den tratamentua aplikatzeko aukera izango dela espero dutelarik. Hiru aldundiek baso egurraren sektorerako dituzten laguntza planak egokituko dituzte, gaixotasunak aurrera egitearen ondoriozko egoerari aurre egiteko.
Euskal erakundeek, bestalde, Espainiako ministerioaren erabakiaren aurkako helegitea aurkezteko asmoa agertu dute, izan ere, uste dute “egindako tratamendu eskaera erabat zorrotza dela ingurumeneko kaltegabetasunari eta eraginkortasunari dagokioenez”.
Helegitea aurkeztu eta tratamendu esperimentala aplikatzen den aldi berean, euskal erakundeek produktua lurrean aplikatzeko baimena eskatu diote Espainiako ministerioari, aplikaziorako baldintzak betetzen dituzten lursailetan baso jabeek tratamendua borondatez egin ahal dezaten. “Lurreko tratamendua ezin da inondik inora aire bidezko tratamenduaren benetako alternatibatzat jo, batez ere aplikaziorako dituen mugapenengatik eta duen kostu ekonomikoarengatik”.