'Galarrena dakar!' abiatu dute Lekeition, herri eredu eraldatzaile eta askatzailean sakontzeko kanpaina
Galarrena Kultur Elkarteak 20. urteurren ospakizunak egingo ditu martxoaren 16tik aurrera; egitarau kultural eta politiko zabal eta anitza prestatzen dabiltzala iragarri dute agerraldian.
Lekeitioko Galarrena Kultur Elkarteak badauzka leloa eta irudia 20. urteurrena ospatzeko. Lelo indartsua aukeratu dute: Galarrena dakar!. Indartsua eta herrian esanahia daukana. Denboralea, atze gogorra dakarren denboralea, baina, era berean, energiaz beteta kaleak astintzeko freskotasuna dakarrena. Lelo horren baitan antolatu dute martxoaren 16an hasiko den kanpaina. “20 urte dira haize fresko, koloretsu eta indartsuagaz eraldatzen gabiltzala. 20 urte Lekeitioko kale honetan eraikina hutsetik eraikin genuela auzolanean”.
Auzolana. Hori izan da Galarrenaren zutabeetako bat. Auzolanean eraiki zuten gaur egungo lokala, beste herri eredu bat bultzatzeko helburuagaz: “Galarrena Lekeitioko kaleetan dabilen haizea da, beste eredu bateko herri bizia eraiki nahi dugunon haizea. Ezkertiar eta abertzaleon etxea da, eta ateak zabalik dauzkana herritar guztientzat. Lekeitiotik hasi eta bestelako Euskal Herri bat lortzeko bultzada da”.
Galarrena ixteko irtendako sententzia salatu dute. “Librea den haizea batzuek geldirik eta isilik nahi dute. Horren seinale da herritarron nahiaren kontra irtendako sententzia madarikatua. Baina gaur hemen bagaude, gauza bat argi daukagunaren seinale da. 20 urteotan ez gaituzte gelditu, eta sententzia batengatik ere ez gara geldituko. Gure hormetan dakarren legez, eraikina lapurtu ahalko dute, baina herriaren sentimendua ez. Galarrena eraikitzen jarraituko dugu lehengo legez”.
Galarrenako familiako parte izan direnak gogoan izan dituzte, bi hamarkada horiek betetzea posible egin dutenak: Txiki, Kuku, Jon Goikoetxea, Patxi Perlia…. Eta Galarrena elkartasun eta ongietorri gunea izanik, aipamen berezia egin diete Pototo eta Liher Rodriguez herriko preso politikoei: “Desiatzen gaude zuen argazkiak ate gainetik kentzeko. Galarrenako haize freskoa doala Puerto eta Ocañako barrote artera. Maite zaituztegu!”.
“Edozelako sententzien gainetik, herri moduan gutxienez beste 20 urte betetzeko ilusio, bizipoz eta indarragaz gaude”.
Hasiera, ate irekieragaz. Kanpaina ate irekieragaz hasiko dute martxoaren 16an. Rafa Rueda, Gotzon Barandiaran, DJ Kool eta beste hainbat lagun edukiko dituzte ondoan. Eta hortik aurrera, egitarau kultural eta politiko zabala eta anitza eskainiko dute: kontzertuak, bertso afari, bertso bakarrizketa, umeentzako ikuskizunak… Eta urteurren egun handia uztailaren 13an ospatuko dute, egun osoko egitarau berezi bategaz.
Beste alde batetik, bere sasoian egin legez, Galarrena barriztatzeko aprobetxatuko dute urtemuga; lanak auzolanean ari dira egiten ate irekiera jaira arte, eta hori dela eta, hilaren 6tik 16ra bitartean, zarratuta egongo da. Auzolanean parte hartzera animatu dituzte herritarrak.
Etorkizunari ilusioz begiratzen diotela esan dute ozen: “20 urte dira Galarrenaren haize freskoa Lekeitiora sartu zela. Ordutik, momentu eder eta gogorrak eduki ditugu, baina haizea inoiz baino indartsuago dagoela argi daukagu. Edozelako sententzien gainetik, herri moduan gutxienez beste 20 urte betetzeko ilusio, bizipoz eta indarragaz gaude”.
MARTXOA-APIRILA EGITARAUA
- Martxoak 16: Ate irekiera jaia
- 19:00: Irekiera ekitaldia
- 20:00: Rafa Rueda eta Gotzon Barandiaren
- 23.00: DJ Kool
- Martxoak 30:
- Bulkadaren aurkezpena
- Apirilak 6: Korrikarako prest!
- Erradikalak gara ikuskizuna: Ane Labaka eta Beatriz Egizabal
- DJ Merk!
- Apirilak 27: Betso afaria
- Miren Amuriza eta Unai Iturriaga