Inauteri zapatua umore onez eta musikaz giroturik heldu da
Aulesti, Berriatua, Lekeitio, Markina-Xemein, Mutriku, Ondarroa eta Etxebarriko kaleak alaitu dituzte inauterietako ekimenek. Azken horretan, ohiko kalejira, lehiaketa eta txokolate jana egin dituzte arratsaldean.
Mozorrotu eta lotsak galtzeko egunak izaten dira inauteriak. Azken momentuan parean dagoena edota denbora luzez prestatutako jantzi eta osagarriak soinean jarri eta jendaurrean erakusteko egunak. Gaur ere [martxoak 2] horrela egin dute hainbat herritan. Mozorro lehiaketa, kalejira, antzerki, tailer… Ez da ezer falta izan inauteri zapatua behar modura gozatzeko, eta ume, gazte zein helduek horixe bera egin dute: gozatu.
Aulestin, kalejira, mozorro lehiaketa edota herri bazkaria; Berriatuan, poteo mozorrotua, herri bazkaria, mozorro desfilea eta txokolate jana; Lekeition, Aratuste Alai estudiantinaren kalejira, Lekitto Musika Bandaren kontzertua, Aittitta Makurra txaranga edota suzko zezena; Markina-Xemeinen, Lantzeko inauteriak; Mutrikun, mozorro festa, Gure Ametsa, txistulari eta akordeoilarien kalejira eta disko festa; Ondarroan Kresalako triki-pandero kalejira, Kantaize Orfeoiaren kantujira eta Lantzoi jaunari ongietorria…
[HERRIZ HERRIKO EGITARAUA IKUSI]
Etxebarrian 17:00etarako jarri dute ordua gaur [martxoak 2]. Frontoi inguruan bildu dira, eta handik abiatuta, kalejira koloretsua egin dute herrian zehar, Naiara eta Izarra trikitilarien doinuak lagun. Frontoira bueltan, mozorro onenen sariak banatu dituzte. 0-4 urteko mozorrorik onenaren saria Ziarak jaso du (zanpantzar), 5-8 urtekoena Leixurik (globoz osaturiko mozorroa); 9-12 urtekoena Ekainek (zanpantzar), eta 13-16 urtekoena globo jantzita zeuden neskek –mozorro berdina zeramatenez laurei eman die saria–. 17 urtez gorakoen mozorro onena Aker beltzak jaso du (ETX) eta talderik onenarena ETX-ek (euskal mitologia). Epaimahaikideek mozorroak eskuz eginda egotea, originalak izatea eta antzezpena egoki egitea hartu dituzte kontuan saridunak aukeratzerakoan.
Txokolate janagaz, Antzar Rockeroa ikuskizunagaz eta afari meriendagaz amaitu dituzte etxebarritarrek inauteri zapatuko ekimenak.