Frankismoaren krimenen aurkako adierazpena onartu du Ondarroako Udalbatzak
Ondarroako udalbatzak aho batez onartu du Frankismoaren krimenen aurkako kereilaren Euskal Plataformak aurkeztutako adierazpen instituzionala. Bihar [martxoak 6], hain zuzen ere, Ondarroako biktima torturatuen testigantzen aurkezpena egingo da Donostiako Instrukzio Epaitegian, eta horren harira onartu dute dokumentua.
Mikel eta Josu Arrizabalaga anaiek eta Aitor Aramaio ondarrutarrek deklaratuko dute Donostiako epaitegian, 12:00etatik aurrera. Eurekin batera Arantxa Markaide arrasatearrak ere deklaratuko du Jesus Muñecas Aguilar Guardia Zibileko kapitain ohiaren aurka, 1975-1976 urteetan Gipuzkoako guardia zibilaren kuarteletan pairatutako torturak salatzeko. “Ondarroako Udal Batzarrak biktima hauei eta beraien senide guztiei bere elkartasuna adierazten die. 40 urteko diktadurapean frankistek gizateriaren aurka eginiko krimenekin egia guztia ager eta justizia osoa egin dadin eskatzen dugu”.
Era berean, Donostiako Epaitegiaren aurrean 11:00etatik aurrera egingo den elkarretaratzean modu baketsuan batzeko deia egin die udalbatzak ondarrutar guztiei.