Greban daude Mutrikuko DIA supermerkatuko langileak
Enplegu Erregulazio Espedientea zabaldu du DIA supermerkatu enpresak, eta horrek 2.100 langileri eragingo die Espainiako estatu mailan. 287 denda ere itxiko dituzte.

Bizkaia eta Gipuzkoako DIA supermerkatuetako langileek hirugarren greba eguna egin dute gaur [martxoak 5], aurreikusitako kaleratzeen aurrean borrokatzeko. Mutrikuko Mijoa auzoko saltokian piketeak egin dituzte, 09:00etan hasita. Greban egoteko arrazoi argiak dituztela nabarmendu dute. Egoera aldatu ezean, martxoaren 11tik aurrera greba mugagabea egingo dutela iragarri dute.
Hori bai, Mutrikuko saltokiaren kasuan langile gutxi batzuek bat egin dute grebarekin. “Langile batzuk grebarekin bat datozela esan digute, baina lana galtzeko beldurragatik lana egitea erabaki dute”. Erosleei bizi duten egoeraren berri eman dute, eta lan baldintzekiko errespetua exijitu dute.
Izan ere, Enplegu Erregulazio Espedientea zabaldu du DIA supermerkatu enpresak, eta horrek 2.100 langileri eragingo die Espainiako estatu mailan. 287 denda ere itxiko dituzte. “ELA eta LAB sindikatuok gogor salatu nahi dugu milaka eta Euskal Herrian ehunka lanpostu txikituko dituen basakeria hau. Enpresa bera izan da, bere politikarekin egoera honetara eraman gaituena, bere interes merkantilista eta internazionalak gainjarri baititu beti, eta partida horretan, langileen eskubideekin jolastu du”.
Langileek nabarmendu dutenez, ez dituzte ezertaz informatu, eta beharrezkoa den informazio guztia ere emateko eskatzen dute. Ezjakintasuna eta ezinegona, hori da langileen sentsazio nagusia egunotan. “Dakigun guztia komunikabideei esker dakigu. Ez dakigu zein denda itxiko duten, noiz itxiko dituzten, ezta zenbat jende kaleratuko duten denda bakoitzean… “
Ez dutela inolako kaleratzerik onartuko diote, eta Enplegu Erregulazio Espedienteari buruzko negoziaketa mahaia Euskal Herrian eratzea exijitzen dute, “herrialdeko langileen egoeraz hemen hitz egiteko”. “Negoziaketa hori Madrilen ematen ari da, Euskal Herrian dugun errealitate sindikala errespetatu gabe. Izan ere, ELA eta LABen artean gehiengo zabalak ditugu Gipuzkoa eta Bizkaiko Enpresa Batzordeetan”.
Madrilen eure euren ahotsa entzuteko Galiziako Ciga eta Aragoiko Ostarekin bat egin dute ELA eta LABek, baina Madrilgo negoziaketa mahaian ez direla ongietorriak adierazi diete. “Gutxienez informazio jasotzeko ordezkaritza bat eduki nahi genuke, eta hori ere ez digute utzi”.
Martxoaren 7an, berriz, asanblada irekia egingo dute Donostiako ELAren egoitza nagusian (Kontsulado 8, behea). 10:00etan eta 18:00etan jarri dute langileentzako batzarrak.