Maria Dolores Etxanok ondarrutarrei dei egin die herrian ikusten dituzten premiak jakinarazteko
Iradokizunak bidaltzeko aukera zabalik dagoela gogorarazi dute: herritarrek posta arruntez, posta elektronikoz eta telefonoz ere egin ahal dituzte proposamenak. "Horrela bakarrik, denon artean, izango gara gauza gure arazoak aukera bihurtzeko".
Maria Dolores Etxano Ondarroako EAJren zerrendaburuak dio herriari buruz dauden ikuspegi desberdinak ezagutu nahi dituztela. Bide horretatik, eta “Ondarroa denon artean egiteko helburuagaz”, EAJk azken asteotan etxe guztietara galdetegi bat bidali du. “Idatzizko galdetegiari erantzun dioten herritarrei eskerrak ematen dizkiegu. Izan ere, galdetegiak oso harrera ona eduki du”.
Herritarren ekarpenak jasotzen jarraitzeko, herriko agente sozialekin batera mahai ingurua egingo dute zapatuan Batzokian. “Gure taldearentzako iritzi guztiak dira garrantzitsuak. Horregatik, Ondarroaren etorkizuna eta premiei buruzko ikuspuntua jakinarazi nahi diguten guztiei ateak zabalik uzten dizkiegu. Horrela bakarrik, denon artean, izango gara gauza gure arazoak aukera bihurtzeko”.
Etxeetara banatutako galdetegien bidez iradokizunak bidaltzeko aukera zabalik dagoela gogorarazi dute. “Erraza da. Correoseko postontzi horietara bota daitezke galdetegiak. Ez da helbiderik ere ipini behar, zuzenean helarazten dizkigute eta”. Dena dela, iradokizunak posta elektronikoz (mariadoloresetxano@gmail.com) eta telefonoz (688 84 50 06) ere bidali ahal direla gaineratu dute.
Etxanok gaineratu du orain arte herritarrek “interesarekin jakinarazi” dietela Ondarroari buruzko kezka eta aldaketa baten beharra. “Erantzunak jasotzeko kalean egon garenean hori igarri dugu”.
Ondarroak dituen zerbitzuak eta premiak ebaluatzeaz gain, Ondarroako jeltzaleek abian jarritako parte hartze prozesuak bestelako helburu bat ere badauka: “Etorkizuneko Ondarroa, 2025ekoa, nola imajinatzen dugun jakin nahi dugu. Ondarroarengan sinisten dugu, eta gure konpromisoa Ondarroarekin da, bizi, lan egin eta gozatzeko herri batekin; elkarbizitzareko leku batekin”.