Maitek eta Naroak irabazi dute Berrituako II. Emakumeen Zesta Txapelketa
2. mailan Erika markina-xemeindarrak eta Izaro gasteiztarrak irabazi dute txapela. 3. mailan, berriz, Mara mutrikuarrak eta Janis markina-xemeindarrak nagusitasun osoz irabazi dute.
Zapatuan [martxoak 9], II. Emakumeen Zesta Txapelketaren finala jokatu zuten Berriatuko Mendibarren frontoian. Finala hiru mailatan banatuta jokatu zen, eta maila nagusian, 1. mailan, Donostia Jai Alai Taldeko Maite gasteiztarra eta Naroa tolosarra nagusitu ziren. 24-30 irabazi zioten Maddi tolosarrari eta Esti Arriola berriatuarrari.
Partiduaren hasiera nahikoa berdinduta hasi zuten bi bikoteek, 12na berdinduta ere joan ziren, baina urdinek tanto batzuen aldea hartu zuten, eta abantaila horri eutsi zioten partidu amaierara arte. Gorriek ez zuten asmatu jokoan, eta ahaleginak eta bi egin bazuten ere, ezin izan zituzten markagailuan ihes eginda zebiltzan urdinak harrapatu.
Nagusien norgehiagokak, gainera, sekulako jarraipena eduki zuen. Igarri-igarria zen finalean herritarra parte hartzen ari zela, eta talde gorriak egindako tanto bakoitza garaipena balitz bezala ospatu zuten berriatuarraren aldeko zaleek. Aupa Boli edo Aurrera Esti askotan entzun ziren.
Donostia Jai Alaiko bikoteak agertu zuenez, ez zuten espero txapelketa irabaztea, eta pozik agertu ziren garaipenagaz. Hori bai, Naroa ez zen oso gustura geratu bere jokoagaz. “Nire ustez, ez dut oso ondo jokatu”. Maitek, berriz, aurkariak oso gogorrak izan zirela adierazi zuen. “Estik partidua oso gogor hasi du. Errebotera bota duenean hainbat tanto egin dizkigu, baina azkenean garaipena eskuratzea lortu dugu”.
Esti Arriolak (txapelketa jokalari beteranoena) oso partidu txarra egin zuela aitortu zuen norgehiagoka amaitu orduko. “Oso urduri ipini naiz, eta elkarren atzetik bizpahiru huts galant egin ditut. Egindako lanagaz ez naiz batere gustura geratu”. Publikoa alde edukita ez irabaztea pena izan zela dio. “Norbere frontoia, kuadrilla, gurasoak, kanpotik etorritako lagunak… eta horien aurrean lan hobea ezin eskeintzeak horretxek ematen dit pena”.
2. mailan, bestalde, Erika markina-xemeindarrak eta Izaro gasteiztarrak irabazi zuten txapela. 25-22 irabazi ziogen Miren eta Maddi markina-xemeindarrei. Oso partidu lehiatua eta berdindua jokatu zuten, berdinketaz betea, 22na ere joan ziren. Azken hiru tantoetan egindako lan onari esker lortu zuten txapela.
3. mailan, azkenik, Mara mutrikuarrak eta Janis markina-xemeindarrak nagusitasun osoz irabazi zuten finala. 25-13 irabazi zioten Malen eta Amaia bikote markina-xemeindarrarri. Partidua nahikoa orekatu hasi bazen ere, gorriek aurrera hartu zuten markagailuan, eta partiduak aurrera egin ahala abantaila gehitzea lortu zuten.Â
Pilota jaialdia, aldiz, kinielekin hasi zuten. Bi kiniela jokatu zituzten txapelketan parte hartu duten pilotariek. Lehenengo kiniela 3. mailakoen arteko izan zen, eta bigarrena, berriz, 2. mailakoena. 3. mailako norgehiagoka Maia berriatuarrak eta Janis markina-xemeindarrak irabazi zuten, eta 2. mailakoa, ostera, Miren markina-xemeindarrak eta Elaia berriatuarrak.