Alberdik eta Lekuek irabazi dute zesta-puntako Euskal Liga
Gazte eta kadete mailako finalak, hurrenez hurren, Markina-Xemeingo eta Mutrikuko bikoteek irabazi dituzte.
Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketaren finalak jokatu ziren asteburuan. Gizonezkoen ohorezko mailako finala irabazi dute Berriatuko Zesta Eskolako Antxon Alberdi etxebarritarrak eta Roberto Lekue ondarrutarrak. Gasteiz Jai Alai taldearen aurka jokatutako neurketa 30-25 irabazi dute.
Berriatuko eta Gasteizko bikoteak nor baino nor aritu ziren zapatuan [martxoak 9] Mutrikuko Miruaitz frontoian jokatu zuten finalean. Norgehiagoka “nahikoa gogorra” jokatu zuten, eta Berriatuko bikotea lau edo bost tanto aurretik beti ibili bazen ere, partidaren azken aldera gasteiztarrek ia aurrea hartzea ere lortu zuten. Berriatuarrak 26-21 irabazten zihoazela, gazteiztarrek lau tanto jarraian egin zituzten; markagailua 26-25 ipiniz.
Partida estutzen hasi bazen ere, Berriatuko bikoteak aurrea hartu eta txapela bereganatzea lortu zuen. Alberdik eta Lekuek bigarren urtez jarraian lortu dute txapela, eta pozik agertu dira garaipenagaz.
Ohorezko mailako finala ez eze, egun berean Nagusiak Euskal Liga kategoriako finala ere jokatu zen Miruaitzen. Markina-Xemeingo Zesta-punta Eskolako Gotzon Mandiolak eta Danel Mandiolak irabazteko ahalegin handia egin bazuten ere, ezin izan zuten Luzeaneko bikotea gainditu; 25-30 galdu zuten.
Partiduari dagokionez, sekulako finala jokatu zuten markina-xemeindarrek. Luzeaneko bikotea abantaila handiagaz irabazten hasi zen, baina markina-xemeindarrek ez zuten amore eman, eta partidua aurrera joan ahala, abantaila mozten joan ziren. Partida, egia esan, oso lehiatua ipini zen azken aldera.
Berriatuako Mendibarren frontoian, berriz, kadete eta gazte mailako finalak jokatu zituzten barikuan [martxoak 8]. Gazte mailako lehia Markina-Xemeingo Zesta Punta Eskolako Alex Goitiandiak eta Gorka Mugartegi Atain-ek 30-26 irabazi zieten Mutrikuko Danok Bat Pelotazale Elkarteko Zuhaitz Arrillagari eta Aratz Mendizabali. Kadete mailan, berriz, Danok Bateko EƱaut Urreistik eta Alain Basterretxeak 30-26 irabazi zuten Zumaiako bikotearen aurka.