Lea-Artibaikoak eta Mutrikuarrak ere Bilbon egongo dira zapatuan, preso gaixoen eskubideen aldeko ekimenean
Zazpi zubi eta bi mobilizazio egiteko deia egin du Ni Zu Bi herri ekimenak. Besteren artean, Ibon Iparragirre presoaren eskubideak defendatuko dituzte. Lea-Artibai eta Mutrikukoak San Anton zubian egongo dira.
Gaixorik dauden euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzeak eta martxa deitu ditu Ni Zu Bi herri ekimenak zapaturako. Hala, preso gaixo larrien alde zazpi zubi bete eta bi martxa egingo dituzte Bilbon, 12:00etan hasita. Bertan egongo dira Lea-Artibai eta Mutrikuko herritarrak.
Kepa Arronategi preso gernikarraren, Ibon Iparragirre preso ondarrutarraren, Gorka Fraile durangarraren, Joseba Borde uagotarraren eta Txus Martin basauriarraren senideek Saregaz batera bultzatu duten ekimena da zapatukoa. Hala, agintari publikoei «urgentziaz» eta «berme guztiekin» larriki gaixo dauden presoak aske uzteko eskatuko diete Bilboko manifestazioan. Antolatzaileen berbetan, berez etxean egon beharko lukete gaixo dauden preso guztiek. Gainera, presoen eskubideak bermatzea «premiazkoa eta hil ala bizikoa» delako antolatu dute ekimena.
12:00etan Bizkaiko hiriburuko zubi guztietan elkarretaratzeak egingo dituzte, herritarrak zubilanetan aktibatzeko –Deustuko Zubian, Pedro Arrupen, Zubi Zurin, udaletxeko zubian, Areatzakoan, Merceden eta San Antonen—. «Antolakuntza eraginkortzeko», eskualdeen arteko banaketa egin dute arduradunek. Lea-Artibai eta Mutrikukoak San Anton zubian egongo dira.
Ostean, 12:30ean, bi martxa aterako dira San Anton eta Deustuko zubietatik, eta udaletxe aurretik pasatuta, Arriaga plazan amaituko dute ibilbidea. Hantxe egingo da amaiera ekitaldia.
Antolatzaileek zubietatik igarotzen diren oinezkoei lekua uztea eskatu diete bertaratzeko asmoa daukaten guztiei. Izan ere, oinezkoen eta autoen bidea ez oztopatzea da beraien asmoa. Gainera, zubietatik suziririk ez jaurtitzeko gomendioa ere egin dute.
Autobus zerbitzuak:
Lea-Artibai eta Mutrikun, Bilbora joateko autobusak antolatu dituzte. Mutrikun Zubixa herriko tabernan, Ondarroan Anaitasuna eta Kulixka tabernetan eta Lekeition Aralden eta Guzurmendin eman behar da izena. Mutrikuko autobusa 09:45ean aterako da Txanbolingo biribilgunetik, Ondarroakoa, 10:00etan, Zaldupeko Zubitik, eta Lekeitiokoa, 10:30ean, Mandaskatik. Aulestitik 10:30ean aterako da autobusa betiko lekutik; gaur [martxoak 14] da izena emateko azkenengo eguna, Ubilla aterpetxean edo Ilunzar tabernan.