Mutrikuko EH Bilduk hauteskundeetarako behin-behineko zerrenda aurkeztu du
Behin betiko zerrenda izango dena bozketa bidez aukeratu ahal izango dute herritarrek
Zerrendaburua aukeratu eta zerrendarako proposamenak egiteko epea igaro ondoren, Mutrikuko EH Bilduren Hauteskunde Mahaiak eginiko proposamena izan da zerrenda osatzeko erregistratu den bakarra. “Lan handia egin du mahaiak, esperientzia eta jende berria uztartuz, gazte, sasoiko eta helduak lotuz eta udaleko batzorde eta egitasmo bakoitzari dagokion profila atxikituz”.
Jendaurrean aurkeztu duten zerrenda, baina, behin-behineko proposamena dela nabarmendu dute. Inskribatuta daudenek martxoaren 22an, 23an eta 24an bozkatzeko aukera izango dutela iragarri dute, zerrenda behin betikoa izan dadin. “Bozka telematikoki zein era presentzialean eman ahal izango da. Datorren astean zehaztuko da prozedimendua, baina alkategaia aukeratzeko berbera izango da”.