Zabalik dago Mutrikuko II. Nesken Binakako Pala Txapelketa Azkarrean izena emateko epea
Txapelketa martxoaren 24an jokatuko da, eta izena emateko interesa dutenek martxoaren 19a aurretik eman beharko dute izena.
Mutrikuko Neska Palistak elkateak bigarrenez antolatu du txapelketa Mutrikuko Udalak lagunduta. Txapelketa martxoaren 24an jokatuko dute, 09:30etik 15:00etara, Miruaitz frontoian, eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, izena emateko epea zabalik dago martxoaren 19ra arte.
Teniseko pilotarekin jokatu dute txapelketa, izen ematea doakoa da eta 16 urtetik gorako emakumeek eman ahal izango dute izena. Parte hartzeko interesa dutenek kirola@mutriku.net helbide elektronikora idatzita eman beharko dute izena. Txapelketa binakakoa bada ere, izen ematea bakarka ere egin daitekeela nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, bikoteak zozketa bide osatuko dira; errendimenduari baino, parte hartzeari eman nahi diote garrantzia. “Edozein zalantzarekin deitu edo bidali whatsapp bat 679 16 25 02 telefonora edo idatzi posta elektroniko bat kirola@mutriku.net helbidera”.
Izen emate prozedurari dagokionez, parte hartzaile bakoitzak aurrelari edo atzelari postuan jokatu nahiago duten zehaztu beharko du izena ematerako orduan. Bikoteak antolakuntza berak sortuko ditu, izena ematen duten parte hartzaile guztiak kontuan hartuta. Posta elektroniko berean izen-abizenak, NAN zenbakia, mugikor zenbakia eta posta elektronikoa ere gehitu beharko dira, “komunikatzeko edo azken berriak eman ahal izateko”.
Era berean, komenigarria izango da adieraztea zeintzuk duten Pilota Federazioko Emakume Pelotariaren Txartela. “Ez baduzue ere adierazi ez duzuela, egun horretarako aseguru berezi bat egiteko” .
Gonbidapen zabala. Iaz, Mutrikuko palistez gain, Ondarroako, Debako, Azkoitiako, Elgoibarko edota Zizurkilgo hainbat emakumeek parte hartu zuten txapelketan, eta aurten ere gonbidapen zabala egin diete eskualdeko eta inguruetako herrietako palistei eta zaleei.
Txapelketan izena ematen duten emakume kopuruaren arabera era batera edo bestera antolatuko dute txapelketa. Izan ere, txapelketa jokatzeko denbora tarte mugatua dute, eta horren arabera tanto kopurua ere moldatu egingo dute.