Mikel Dieguez eta Mikel Santiso: "Gure asmoa da lana ez geratzea udaletxeko apal batean baztertuta"
Mikel Dieguez Bergarak (Ondarroa, 1993) eta Mikel Santiso Urkizak (Ondarroa, 1993) Ondarroako Udalak emandako 'Ondarroako Kirolariak Historian Zehar: herriko futbol atezainak' kirol bekaren aurkezpena egingo dute martxoaren 21ean, 19:00etan, Kofradia Zaharrean. Kresaletatik atezainak lanaren emaitza ezagutzera emateko gogotsu daude.

Lanari dagokionez, bakoitza zertaz arduratu da?
Mikel Dieguez: Nik lanaren ikuspegia planteatu dut. Berak askoz ere jende gehiago ezagutzen du, erraztasun handiagoa dauka materiala lortzeko… Mikel, gainera, futbol munduan sartuta dabil orain momentuan ere, eta nahi eta nahi ez, informazioa lortzea errazagoa da beti ere. Ni, bestalde, lanaren ikuspegia zein izan behar zen zuzentzen ahalegindu naiz. Batez ere, lanak galdera bati erantzun nahi izan dio: Zergatik daude horrelako maila handiko horrenbeste atezain Ondarroan?, Zein da arrazoia? Hainbeste atezain on egotea hainbat faktoreren menpe egon da, eta horiek ikertzen hasi ginen.
Eta ze faktore direla esango zenukete?
M.D.: Futbitoa egon da, hondartza futbola, Aurrera… Kaleko futbolak ere pisu handia eduki du Ondarroan; edozein espazio publikotan jendea futbolean jolasten ibili izan ohi da.
Lana osatu ahal izateko laguntza ere beharko zenuten.
Mikel Santiso: Aurrerak, Mutrikuk edo Realak, esate baterako, asko lagundu digute. Zailagoa izan da klub profesional batzuen laguntza lortzea. Athleticen atea jo dugu, prentsa zerbitzura, museora… idatzi dugu, baina ez dugu inolako erantzunik jaso.
“Lana bera egiten ari ginela, kirol gertaera batzuek bestelako kapituluak sortzera derrigortu gaituzte, eta lana zer edo zer moldatu egin behar izan dugu”
Edozein lanetan moduan zailtasunak izango zenituzten.
M.D.: Jende askoren datuak falta dira, sekula ez direlako batu eta jaso. Gaur egun, futbolak pisu handia dauka kirol prentsan, baina, lehen, egunkarietan ez zegoen horrenbesteko erreportaje edo albisterik. Zorionez, pasadizo edo bitxikeria berezi batzuk aurkitu ditugu, baina datu objektibo asko ez ditugu aurkitu. Hondartza futbola eta futbitoa, esate baterako, ez daude dokumentatuta. Jendeak etxean gordeta eduki dituen argazkiak erabili ditugu. Eskerrak eman nahi dizkiegu laguntzeko prest agertu diren talde eta norbanako denei.
M.S.: Dokumentatuta dagoena bakarrik jaso dugula argi nahi dugu laga. Horien artean, Mirari Artimek, Lore Bengoetxeak eta Nuria Mugartegik egindako Aurreraren 75. urteurreneko liburua da jaso dugun dokumentaziorik-eta osatuena. Hainbat fitxa ere aurkitu ditugu.
Lana bera zelan banatu duzue.
M.S.: Hainbat kapitulutan banatu dugu lana. Aurrerako nagusien taldean debutatu dutenen zerrenda bat egin dugu, eta horri ere kapitulu berezi bat eman nahi izan diogu. Lana bera egiten ari ginela, kirol gertaera batzuek bestelako kapituluak sortzera derrigortu gaituzte, eta lana zer edo zer moldatu egin behar izan dugu.
Zein, esate baterako?
M.S.: Chelseak Kepa fitxatu zuen eta Eñaut Zubikaraik mundu mailan golik jaso barik denbora gehien daramaten atezainen artean sartzea ere lortu zuen. Kepa eta Iñaki Bergara, berriz, Munduko txapelketa batean parte hartu duten lehen ondarrutarrak izan dira. Hiru kapitulu horiek sortu egin behar izan ditugu.
Bereziki harritu zaituzten daturik egon da?
M.S.: Atezainetako bat duela urte batzuk hil zen nire osaba Javier Aramaio da. Nire erreferentea izan da. Niretzako haren txikitako argazkiak aurkitzea ikaragarria izan da; ez nekien gauza askori buruzko informazioa ere lortu dut. Egindako lan guztiak osabari buruz gehiago jakiteko balio izan dit nire kasuan, eta hori bereziki pozgarria izan da niretzat.
M.D.: Iñaki Bergararen kasua ere nahikoa berezia da. Atezainen entrenatzaile modura askoz ere ibilbide esanguratsuagoa eduki du. Dakigunez, gainera, goi mailako atezainen entrenatzaile profesional ondarrutar bakarra da. Eñaut, beste alde batetik, Txapeldunen Ligan debutatu duen atezain ondarrutar bakarra da. Joseba Aramaiok, aldiz, hainbat taldetan ibili ostean Valladoliden amaitu zuen kirol ibilbidea. Valladolideko taldean itzal handiko jokalaria izan da; Athleticen Iribar den modura. Oinatz Aulestia, bestetik, talderik gehienetatik igaro den eta San Mames berrian jokatu zuen lehen atezain ondarrutarra ere izan da. Bilbao Athleticek Cadizen aurka jokatu zuen play off-a, eta San Mames berrian jokatu zuten. Cadizen eta Oviedon, esaterako, Oinatz pisu handiko atezaina izan da. Urte asko daramatza futbolean profesional modura jokatzen, eta lehen mailako talde bategaz jokatu ez badu ere (Athleticen talde nagusiagaz jokatzera deituta egon da), bigarren mailako talde esanguratsuetan aritu da.
Eta lana amaituta, orain zen?
M.S.: Egin dugun txostena udalaren esku dago; bada denbora bat udaletxean erregistratu genuena. Gure asmoa da lana ez geratzea udaletxeko apal batean baztertuta. Liburutegian lana denen eskura erabilgarria egotea nahiko genuke, nahi duen guztiak kontsultatu ahal izateko.
OHARRA: Elkarrizketa osoa papereko edizioan