Martxoaren 29an zabalduko dute Galbaixoko errepideko bide bat
Otsailaren 1eko lur jausiaren ondoren, gaur gaurkoz itxita jarraitzen du errepideak. Lanak aurreikusitako epean amaitzea espero dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako saileko arduradunek.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako sailetik nabarmendu dutenez, bidea oraindik ez da zabaldu, “errepideko erabiltzaileentzat segurtasuna bermatu ezin izan delako“. Izan ere, errepidearen azpiko aldea sendotzeko egin duten harri lubeta uste baino hiru metro beheragotik hasi behar izan dute, eta ibilgailuak bertatatik igarotzeko bidea ez da nahikoa sendotuta egon. “Harkaitza aurkitu duten lekutik, eta harri lubeta egiten ari diren bitartean, bidea amiltzeko arriskua zegoenez, mendia ondo eutsi arte ez dute bidea zabaldu nahi izan. Horregatik atzeratu da dena”, agertu dute Mutrikuko udal iturriek.
Dena ondo joanez gero, eta eguraldiak laguntzen baldin badu, errepidearen konpontze lanak aurreikusitako epean amaituko dituztela uste dute. Iragarri dutenaren arabera, errepidea apirilaren hasieran zabaltzeko asmoa dute.
Udal iturriek Galbaixoko errepidean beste hainbat lan egiten dabiltzala azaldu dute. “Besteak beste, errepide inguruko zuhaitzen adarrak mozten ari dira, eta baserritarrak pinuak ateratzen ari dira baita ere; kamioi asko dabiltza aurrera eta atzera”.
Gaineratu dutenez, datozen asteetan errepidean dauden zuloak konpondu eta seinale berriak ere ipiniko dituzte. “Horregatik, herritarrei eskatzen zaie, eta ahal duten heinean, kostaldeko errepidea erabiltzen jarraitzeko, eta Galbaixoko errepidea auzotarrentzat eta Galbaixoko jatetxeetara doazenek soilik erabiltzeko lanak bukatu bitartean”.
Auzotarrak, kexu. Olabarrieta, Astigarribia eta Ibiri auzoetan bizi diren 80 bat herritar eta bertako negozioetako arduradunak, berriz, kexu agertu dira, aurreikusitako epeak bete ez direlako. Bidea lanak hasi bi edo hiru asteren buruan irekiko zutela esan bazieten ere, bost aste igaro dira, eta oraindik ere bideak itxita jarraitzen duelako kezkatuta daude.
Euren etxebizitzetara edo negozioetara joateko bide nagusia itxita dagoenez, bien bitartean, “egoera kaxkarrean” dauden Ibiriko eta Maixa aldeko baserri bide estu eta arriskutsuetatik gora eta behera jarraitu behar dutela diote.