Mutrikuko Udalak ia 650.000 eurotan gehitu du aurrekontua
Mutrikuko Udalaren 2019ko aurrekontua 6.995.910,58 eurokoa izango da; iaz baino %9,89 gehiago edukiko du herriaren kudeaketarako
Mutrikuko Udalaren 2019ko aurrekontua 6.995.910,58 eurokoa izango da; iaz baino %9,89 gehiago (ia 650.000 euro) edukiko du herriaren kudeaketarako. Aurrekontua, oro har, diru sarrera gehiago eduki dituztelako handitu ahal izan dutela azaldu dute. Aldunditik 312.000 euro gehiago jaso dituzte, eta ondasun inbertsioetatik 247.000 euro gehiago, Calogeroko promoziori eta Arrasate eremuko lurren ustiapenari esker.
Inbertsio errealei dagokienez, 889.950 euro bideratuko dituzte. Datuak kontuan hartuta, eta iazkoarekin alderatuta, diru kopuru bikoitza bideratuko dute; 461.390 euro gehiago.
Inbertsiorik nabarmenenak gerakinetatik egingo dituzte. Iaz gauzatu ezin izan ziren proiektuak egiteko asmoa agertu du udalak
Portuan, esaterako, Samikolla azpiko malda egonkortzea falta da, eta lanak egitera 170.000 euro bideratuko dituzte. Arno inguruan lur publikoa erosi eta Fondaberritik osasun etxera joango litzatekeen beste igogailu bat egiteko proiekturako, berriz, 40.000 eta 20.000 euro bideratuko dituzte, hurrenez hurren.
Aurten gauzatuko dituzten inbertsiorik nabarmenak, aldiz, gerakinetatik egingo dituzte. Eta horien artean, iaz gauzatu ezin izan ziren proiektuak egingo dira. “2018an gerakinetatik hainbat partida jaso ziren aurrekontuan, baina ezin izan ziren gauzatu”.
Iaz Santa Katalina komentuko eta Egaña frontoiko proiektuak gauzatzeko aukerarik egon ez bazen ere, proiektuak finkatu zituztela nabarmendu dute udal iturriek.
Bi lanak aurten hastea edo esleitzea espero dute. Honako aurrekontua zehaztu dute bi proiektuentzat: komentuko teilatua eraberritzeko 340.000 euro bideratuko dituzte, eta Egaña frontoia estaltzeko 370.000 euro. Era berean, aurretik egitea adostuta zegoen Jose Mari Alzibar kaleko igogailua eraikitzeko 420.000 euro bideratuko dituzte. Gerakinetatik beste 150.000 euro, bestalde, HAPOren arauak ikuskatzera bideratuko dituzte.
Udal gobernu taldearen eta oposizioaren artean akordiorik lortu ez denez, alkatearen kalitatezko botoaz baliatuta onartu da aurrekotua
Udal aurrekontuak, aurten ere, eztabaida eragin du udal gobernu taldearen eta oposizioaren artean. Izan ere, udalbatza osatzen duten hiru alderdiak ez dira bat etorri aurrekontuaren alde botoa ematerako orduan. EAJko sei zinegotziak aurrekontua onartzearen alde agertu dira, eta EH Bilduko sei zinegotziak, berriz, aurka. Berdeak Independenteak taldeko ordezkari bakarra, azkenik, abstenitu egin da.
Ez ohiko osoko bilkuran bi aldiz egin zuten boto zenbaketa, eta berdinketa eman eta gero akordiorik lortu ez zenez, alkatearen kalitatezko botoaz baliatuta onartu zen aurrekontua.
EH Bilduren iritziz, aurrekontuak “sinesgarritasun gutxi” du, eta horregatik bozkatu dute aurka. “Gobernu honen sorrera ez naturala, gestiogintza konpartitua alboratzea, aurreko agintaldiko proiektu eta jardueren bazterketa, herri diagnostikorik gabeko noraeza, apaindura politika, gestiogintza ahul zein kaxkarra eta herritarrei begirako errespetu eza nahikoa arrazoi dira azpimarratzeko sinesgarritasun gutxi sortzen duen kudeaketa dela”.
Gaineratu dutenez, hainbat proposamen egin dituzte, baina jeltzaleen aldetik ez dute “jarrera eraikitzailerik ikusi”. Era berean, udal gobernuak egindako gestiogintza “oso makala” dela iruditu zaio EH Bilduri. “Azken lau urteotan 2 milioi euro baino gehiagoko gerakinak azaleratu dira. Hau berez bada kezkagarria, baina hainbat bileraren ondoren, hainbat eztabaidaren ondoren, zenbait proiektu eta jarduerarentzat adostutako diru erabilerak, gehienak oraindik hor daude, batek daki non”.
Berdeak Independenteak alderdiak, aldiz, abstentzioaren aldeko bozka eman zuen. “Aurrekontu hauek bertan behera gelditzean hainbat proiektu berriren geldiune galanta suposatzen du. Gure taldeak ardura hori konpartitzen du”.
B+I taldeko ordezkariak, berriz, herritarren baliabideak erabiltzerako orduan zuhur jokatu behar dela gogorarazi du. Eta, ahal denean, dirua neurriz eta zentzuz gastatu beharko litzatekeela azpimarratu du, “aurrekontuan onartzen den dirua herritar denen dirua delako”.