Lekeitioko eragile politiko eta sozial batzuk Mozolomendiko etxebizitzen aldeko agiri bat aurkeztuko dute zapatuan
Gaur egun Mozolomendin hiru etxebizitza daude, eta hirurak daude okupatuta. Diotenez, baina, udalak hiru etxebizitzetako bat kendu eta han bizi direnak kaleratu nahi ditu.
Herriko eragile sozial eta politiko batzuk elkarretaratzea egingo dute zapatuan [martxoak 23], 13:00etan, udaletxeko eskaileretan. Agerraldi horretan, baita ere, Mozolomendiko etxebizitzen inguruko agiri bat aurkeztuko dute. Deitzaileeik herritar guztiei ekimenean parte hartzeko dei egin nahi izan diete, “herriko eragile eta norbanako gehienen atxikimendua eta babesa lortzeko”.
Diotenez, udalak Mozolomendin okupatuta dauden hiru etxebizitzetatik bat hustu eta kendu nahi du. “Etxebizitza hori Helduentzako Eskola (HHI) handitzeko behar dutela diote. Baina HHI ondo ezagutzen dutenek jakin badakite zein den egoera: HHIk Lekeitioko beste lekuren batean ganorazko lokal bat behar du, luzerako, egokia eta mundu guztiarentzat irisgarria dena”.
Hori salatzeko, Mozolomendiko kideek eta beste herritar batzuk mobilizazioak iragarri dituzte. Hiru puntu dira aldarrikatuko dituztenak: etxebizitza hori dagoen moduan uztea, han bizi direnei bertan errodlatzeko aukera ez oztopatzea (orain arte ukatu egin dietela diote) eta HHIrentzako ganorazko espazio bat bilatzea.