Orion enpresak egingo ditu Ondarroako Plaiko Zubiaren konpontze lanak
Lanak hurrengo asteotan hastea aurreikusten dute, eta bederatzi hilabeteko epean amaitzeko asmoa agertu dute aldundiko arduradunek.

Ondarroako Plaiko Zubia leheneratzeko lanak egingo zituen enpresa aukeratzeko lehen bi deialdiak kale egin ostean, hirugarren aldiz lehiaketara atera zituen lanak. Aukeraketa prozesua egin ostean, azkenean, mota horretako lanak egiten espezializatuta dagoen Galdakaoko Orion enpresari esleitu dizkiotela jakitera eman dute Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saileko arduradunek.
Hirugarren deialdian aurrekoetan baino diru gehiago gorde da lanetarako: 664.571,63 euroko aurrekontua izango dute lanak. Zubia berreskuratzeko lanak bederatzi hileko tartean egingo dituzte, eta aldundiko iturriek aurreratu dutenez, lanak hurrengo asteotan hastea aurreikusten dute.
Zubia itxita dago 2016ko abuztuaz geroztik, segurtasuna bermatzeko, eta birgaitze lanei esker, zubiak biratzeko gaitasuna berreskuratuko du. Horretarako, metodo tradizionalak erabiliko dituzte; hain zuzen ere, artisau eran konponduko dute, zubia eraikitako garaiaren antzera.
Zubia zatika desmuntatu eta tailer berezi batean egingo dituzte zaharberritzeko lanak. Eta konpondu ondoren, berriro jarriko dituzte ohiko tokian. Besteak beste, pasabidearen egitura eta behegaineko egurra konponduko dituzte. Era berean, barandak gorago ipiniko dituzte, herritarren segurtasuna bermatzeko. Zubiaren engranaje sistema ere konponduko dute, berriro ere birakari bihurtzeko. Mekanismo originalak nahikoa hondatuta daude, eta horretarako pieza berriak eraiki beharko dituzte.
Ondarroako Plaiko Zubia 1927ko da. Bizkaiko Foru Aldundiak egin zuen, garai hartako Ondarroako alkate Celedonio Arriolaren eskariz. Ondarroan modukoxe zubi asko ez daude munduan. Ipar Amerikan bat, Ipar Afrika aldean beste bat eta Europan bi, hauetatik bat, Ondarroakoa. Dauzkan ezaugarriengatik, 2008tik, Ondarroako Plaiko Zubia Euskal Kultura Ondareko Zerrenda Orokorrean sartuta dago, Monumentuen multzoan.