Aurrerako ohorezko bazkide izendatuko dute Alain Kolunga arraunlaria
Aurrera Kirol Elkarteko zuzendaritza batzordeak erabakita, zapatuan [martxoak 23] Lurraldeko Ohorezko mailako taldeak Loiuren aurka jokatu beharreko partiduaren atarian Alain Kolunga Egiguren arraunlari ondarrutarra omenduko dute. “Kolunga Aurrerako ohorezko bazkide izendatuko dugu, eta berak egingo du partidako ohorezko sakea”. Omenaldia 16:15ean hasiko da Zaldupen. “Ikusleei partidua hasi baino lehenago etortzeko deia luzatzen diegu”.
Omenaldia, hain zuzen, arraunlari ondarrutarraren kirol ibilbide oparoa “goraitzeko” egingo dute, “herriak emandako kirolari onenetakoa baita”. Besteak beste, Bermeo Urdaibai Arraun Elkarteagaz liga eta Kontxako banderen irabazlea izan da urtez urte. “Omenaldiak askotan kirol ibilbidea uztean egiten diren arren, omenaldia orain egitea erabaki du Aurrerak. Oraindik ere arraunkada asko emateko eta bandera asko astintzeko ditu Kolungak”.