Ondarroako Txomin Agirre ikastolak abuztuaren 31n itxiko ditu ateak
50 urteko ibilbidearen ostean, Txomin Agirre ikastola zarratzea erabaki dute. Ikastolak, gaur egun, 160 ikasle ditu, eta horiek Ondarroako, Markina-Xemeingo, Mutrikuko edota Debako ikastetxe batzuetan jarraituko dituzte ikasketak.
Alaine Solabarrieta zentroko zuzendariak aitortu duenez, “ikasle falta” izan da ikastetxea ixteko arrazoi bakarra. “Ez dago beste arrazoirik. Ez dago nahikoa ume. Azken urtean ere 47 jaiotza egon dira Ondarroan. Geldika-geldika gelak zarratzen joan gara, eta ailegatu da une bat ezin genuela jarraitu, eta ixtea besterik ez dugu eduki”.
Ikastolak erabakia ez du nolanahi hartu. Eta ixteko unea arinago edo beranduago ailegatuko zela aurreikusita zuten. “Urtetan matrikulazio kopurua apurka-apurka jaisten joan da. Urtean askoan daramagu horrela, hamar urte baino gehiago. Geldika-geldika etorri den gauza bat izan da. Momentua ailegatu egin behar zen, eta ailegatu da”.
Ikastolak, hain zuzen ere, eguenean [martxoak 21] bidali zien jakinarazpen ofiziala zentroko ikasleen gurasoei. Zentroko langileek, ostera, aurretik zuten albistearen berri. “Lehenengo langileei eman genien erabakiaren berri, eta gero familiei”.
Ikastolak, gaur egun, 160 ikasle ditu, eta horiek Ondarroako, Markina-Xemeingo, Mutrikuko edota Debako ikastetxe batzuetan jarraituko dituzte ikasketak. Ikasleez gain, 28 langile daude, eta itxiera dela eta, langile guztiak kaleratuko beharko dituzte. Langile horien birkokatzea zelan egingo den oraingoz ez dakite. “Itxi egingo dugula jakitera eman ostean, beste prozesu bat hasiko da, eta hor ikusiko da langileak beste zentro batzuetan birkokatu ahal diren edo zelan geratuko den euren egoera. Momentuz, abuztuaren 31ra arte dute kontratua indarrean, hau da, ikasturtea amaitu arte”.
Ikastolako zuzendariak zentroa ixtea “pena” handia dela nabarmendu du. “Eskerrak eman nahi dizkiegu langileei egin duten behar eta ahalegin guztiagatik, familiei emandako konfiantzagatik eta Gotzaindegiari hasieratik laguntzearren eta beti gure alboan egotearren”.