Gorostegik eta Aizpuruak irabazi dute Mutrikuko II. Nesken Binakako Pala Txapelketa Azkarra
Zizurkil, Villabona-Amasa, Aduna, Hernani, Donostia, Zumaia, Azkoitia, Ondarroa, Deba eta Mutrikuko 36 emakumek parte hartu dute Mutrikuko Neska Palistak elkarteak antolatutako txapelketan.

Esti Gorostegi debarrak eta Amaia Aizpuru azkoitiarrak 15-11 irabazi dute Nora Zuazobide zumaiarraren eta Maite Barruetabeña mutrikuarraren aurka. Aizpuruak, gainera, bigarren urtez jarraian eskuratu du txapela. Final oso gogorra eta lehiatua jokatu zuten finalistek. Bi bikoteak oso onak ziren, eta Miruaitzen batutako zaleen gozamenerako tanto luzeak jokatu zituzten.
Txapelketari dagokionez, zozketa bidez osatutako 18 bikotek jokatu dute txapelketa. Iaz baino jende gehiagok parte hartu du aurten txapelketan, eta kopurua kontuan hartuta, lau taldetan banatuta jokatu zuten txapelketaren lehen fasea. Antolatzaileek azaldu dutenez, aurten herri gehiagotik etorritako palistek parte hartu dute txapelketan; besteak beste, Zizurkil, Villabona-Amasa, Aduna, Hernani, Donostia, Zumaia, Azkoitia, Ondarroa, Deba eta Mutrikukoek. “Denak ere adin tarte ezberdinetakoak izan dira”.
Eguraldia lagun, eta txapelketari ikusgarritasun gehiago emateko, Miruaitz frontoian ez eze, Egañaneko frontoian ere jokatu zituzten lehen faseko partiduak. “Denbora moztu arazteko lagungarria izan zen bi frontoiak erabili ahal izatea. Modu horretara jendea ez zen zain egon”.

Txapelketako parte hartzaileak eta antolatzaileak, Miruaitzen. Argazkia: Mutrikuko Neska Palistak
Lehen fasean, bikoteek lau taldetan banatuta jokatu zuten. Taldea osatu zuten bikote guztiek elkarren aurka 7 minutuko partidak jokatu zituzten, eta lehenengo bi sailkatuek egin zuten aurrera. Hurrengo faseak, berriz, Miruaitz frontoian jokatu zituzten. Bigarren fasean talde bakoitzeko bikoteek gurutzatuta jokatu zuten, hori ere denborara. Hirugarren fasean, azkenik, finalerdia eta finala jokatu zituzten.
Ekitaldia borobiltzeko, parte hartzaile guztiak EMAk prestatuako luntxean batu ziren. Antolatzaileak pozik agertu dira, eta datorren urtean ere txapelketa antolatzeko asmoa agertu dute. “Giro oso ona egon da, eta jendea ere oso gustura geratu da. Txapelketa ikustera ere nahikoa jende gerturatu da”.