Abian da Debabarreneko #ABIAN IV. Lanbide Heziketa Azoka
Hiru egunez, Debabarreneko Lanbide Heziketako zortzi ikastetxeren eskaintza osoa espazio bakar batean ikusteko eta ezagutzeko aukera dakar azokak.
Azokak gaur [martxoak 27] zabaldu ditu ateak Eibarko Armeria Eskolan. Hiru egunez, Debabarreneko Lanbide Heziketa eskaintza zabala ikusteko eta eskura dauden titulazio guztiak bertatik bertara ezagutzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek. Inaugurazio ekitaldian Lanbide Heziketa “kalitatzeko prestakuntza” dela berretsi dute, “etengabe eguneratzen ari dena, enpresen beharretara egokitutakoa, eta ikasleei lan merkatuan sartzeko aukera ematen diena”.
Aurreikuspenen arabera, datozen hiru egunotan eskualdeko DBHko eta Batxilergoko 700 ikasletik gora igaroko dira bertatik, “etorkizun hurbilean zer ikasketa egin erabakitzeko informazio osoa izan dezaten”. Ikasleez gain, publiko orokorrak ere zabalik edukiko ditu azokako ateak.
Debabarreneko Lanbide Heziketako zortzi ikastetxeren eskaintza osoa espazio bakar batean ikusteko eta ezagutzeko aukera dakar azokak. Eta bertaratzen direnek ikastetxe bakoitzaren erakustokiak banan-banan bisitatzeko aukera edukiko du ikastetxeetako ikasleen eskutik. Azokan, gainera, irekiak eta doakoak diren hitzaldiak eta tailerrak ere eskainiko dituzte, interesa duten herritar guztiei zuzenduta.
Honako ikastetxeak ari dira parte hartzen: Armeria Eskola, IMH Makina Erramintaren Institutua, Meka Lanbide Eskola, Kardala Akuakultura Eskola, Mutrikuko Institutua, Uni Eibar-Ermua, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutua eta Ermua-Mallabiako Oinarrizko Lanbide HeziketarakoUdal Institutua.
Gaur, gainera, Debegesa Garapen Agentziak eta Elhuyarrek egindako ikerketaren emaitzak eta ondorio nagusiak azaldu dituzte. Debabarreneko gazteek STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) arloko ikasketei eta lanbideei buruz duten pertzepzioa jaso dute ikerketan, hain zuzen.