Kuota beteta, egunotan amaituko dute berdeleta
Arraina "nahi beste" dagoela diote arrantzaleek, eta gehiago ezin arrantzatu izana "pena bat" dela nabarmendu dute. Amuko arrantza egiten duten ontziek, bestalde, ez dute kuota oraindik agortu.
Ondarroako portuan oraindik ere entzuten dira berdela iragartzen duten bi turrunak, baina aurreikuspenak betetzen badira, ez dira luzaroan gehiago entzungo. Datorren asterako ontzi ia denek berdel kuota amaituta edukiko dutela iragarri dute kofradiako arduradunek, eta ondorioz, antxoa arrantzatzeari ekingo diote berriro.
Arrantzaleek berdel kanpaina luzatzeko ahaleginak egin badituzte ere, aurten ere nahi baino arinago agortu dute Bruselak ezarritako kuota. Hain zuzen ere, Bruselak %20ko murrizketa egin ondoren, berdela sarean harrapatzen duen ontzi bakoitzak 60.000 kilo berdel harrapatzeko baimena eduki du, eta kostaldean arrain asko egon denez, kuota oso egun gutxian agortu dute.
Arraina “nahi beste” dagoela diote arrantzaleek, eta gehiago ezin arrantzatu izana “pena bat” dela nabarmendu dute. “Kuota gutxi eduki dute, eta amaitzeko aukera ere azkar amaitu da. Kuota amaitu eta oraindik ere berdela egongo da bertan”.
Aurrez ezarritako kuota aurreko astean agortu zuten ontzi gehienek, eta euskal arrantzaleek kuota neurri batean gehitzeko aukera eduki badute ere, ontzi bakoitzak arrantzu “egun bat edo bi gehiagorako” aukera eduki duela aitortu dute arrantzaleek. Zehatz esanda, Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak 2.362.156 kilo berdel gehiago harrapatzeko aukera eman die Kantauri itsasoan eta Galiziara arteko zatian arrantzatzen duten itsasontziei, 2019rako ezarritako kuotaren jaitsierari aurre egiteko.
Hain zuzen ere, berdel kuota agortu dutenak antxoatan ibili dira egunotan. Baina antxoa urruti Kantabria eta Asturiako uretan arrantzatu dutenez, hango kofradietan saldu dute. “Azken egunotan mendebaldeko uretan arrantzatu dute antxoa, Gijon, San Vicente eta Kantabriako uretan, eta ontzien gehiengoa hango uretatik dabil. Harrapatu dutena, gainera, antxoa handia izan da; kiloan 30-35 ale bitartekoa”.
Antxoaren biomasa ona dela kontuan hartuta, antxoa denboraldia oparoa izatea espero dute arrantzaleek. “Hori bai, momentuz, gure uretan antxoa txikia dago. Tamaina txikiko arraina ez da hain ondo merkaturatzen. Fabrikek haziagoa nahi izaten dute, eta txikia, freskorako salduko dela uste dugu”.
Gehienak antxoa arrantzatzen ari diren bitartean, oraindik ere kuota agortzeko duten hiru edo lau ontzi berdeletan ibili dira. Ondarroako bentan 1,5euro eta 1 euro inguruan saldu da kiloa. “Berdela kostalde guztian dago. Berta-bertan ari dira arrantzatzen, ordu erdi eta ordubete inguruko bidean”.
Amuko arrantza egiten duten ontziek, bestalde, ez dute kuota oraindik agortu; 10.900 kiloko kuota daukate arrantzaleko, eta horiek zer edo zer luzatu ahal izango dute kanpaina.