Musikfest Lea-Artibai eta Mutrikuko Musika Eskolen Topaketa egingo dute Ondarroan
Berriatuko eta Markina-Xemeingo, Mutrikuko, Lekeitioko eta Ondarroako musikariak izango dira zapatuan egingo den Musikfest jaialdiko protagonista nagusiak.
Berriatuko eta Markina-Xemeingo, Mutrikuko, Lekeitioko eta Ondarroako musika eskoletako musikariak kalera aterako dira zapatuan [martxoak 30] Ondarroan. “Eskualdeko eta inguruotako herritarrak gonbidatuta zaudete. Musikagaz gozatzeko aukera paregabea izango dugu”.
Musika eskoletako taldeez gain, beste hainbat taldek ere jaialdiagaz bat egin eta musika lau haizetara zabalduko dute. Besteak beste, Mutrikuko Anaiarte Abesbatza, Lekeitioko Txistulari Taldea, Ondarroako Kantaize Abesbatza, Ondarroako Artelan kultur elkartea eta Ondarroako Txistu Taldekoek ere parte hartuko dute jaialdian. “Denetara, 400 edo 500 pertsona batuko ditugu”.
Jaialdiari dagokionez, musika eta musikariak bihurtuko dira eguneko protagonista nagusiak. Eta ekintza bat bestearekin batu barik, jaialdia bera hiru zatitan banatuta egingo dute. “Alde batetik, goizeko kalejirak ditugu; bestetik, Kofradia Zaharreko kontzertuak eta. Azkenik, Musika Eskolako areto nagusian egingo diren ikuskizunak. Modu horretara, publiko berak hiru saioak ikusteko aukera edukiko du”.
Eguna ekitaldiaren aurkezpenagaz hasiko dute Plazagainean, eta horrekin batera jaiari hasiera emango diote. Jarraian, herri ezberdinetako txistulari, trikitilariak eta kantujiran ibiliko diren abesbatzak taldetan banatuta, auzoka herria alaitzen ibiliko dira. Herri hainbat txokotan kalejiran ibili ostean, talde guztiek Alde Zaharrean elkartuko dira.
Kalekurutzeko kantaldia amaitu orduko Kofradia Zaharreko lehen eta bigarren solairuetako aretoetan egongo da zer entzun eta zer ikusi. Folk taldeak, Euskal Musika eta ganbara musika egiten duten beste hainbat talde txiki ikusteko aukera paregabea edukiko dute zaleek. Azkenik, Musika eskolako areto nagusian, rock eta pop konbo taldeak ikusteko aukera egongo da.
EGITARAUA:
- 10:30. Plazagainean, ekitaldiaren aurkezpena.
- 10:45. Kalejirak herriko auzo guztietan herri ezberdinetako txistulari, trikitilari eta abeslariekin.
- 12.15. Kalekurutzeko eskaileretan, talde guztien batzea.
- 12:30. Kofradia Zaharrean, kamara eta abesbatzen saioak.
- 13:30. Musika eskolako areto nagusian konboen emanaldia.
- 14:30. Plazagainean, luntxa parte hartzaileentzat.