Mutrikuko Gaztetxeak esker onez jaso du Berdel Aipamena
Berdel Aipamenarekin Gaztetxeak hainbat urtez egindako lana aitortu nahi izan dute. Gazte Asanbladako ordezkariek Jose Angel Lizardi alkatearen eskutik jaso dute saria, ekitaldira bertaratu diren herritarren txalo zaparrada artean
Herritarrek emandako botoei esker, Mutrikuko Gaztetxeak Berdel Aipamena jaso zuen barikuan. Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkateak saria emateko ekitaldian agertu zuenez, «urteetako lanari esker herriko kultur eragile garrantzitsua bilakatzea lortu du Mutrikuko Gaztetxeak, eta herriari bizitasuna emanaz, herriko gazte sektorea aktibatu dute».
Gaztetxearen aldeko botoa eman duten herritarrek, hain zuzen ere, Gaztetxean ibili direnek eta gaur egun dabiltzanek hainbat urtean egindako lana aitortu nahi izan dute.
Mutrikuko Gaztetxeak urteetan dihardu herrian ekintza, kontzertu, hitzaldi eta beste hainbat ekimen antolatzen. Horrez gain, azken urteotan gazte asanblada, asanblada kulturala eta haur eta guraso asanblada ere antolatu dituzte, «herriari bizitasuna emateko».
Ohi modura, saria emateko udalak antolatutako ekitaldian udaletxeko areto nagusia jendez beteta egon zen. Eta han egon ziren Gaztetxeko historiaren protagonista izan diren hainbat herritar.
Herritarren txalo zaparrada artean, Gazte Asanbladako ordezkariek Jose Angel Lizardi alkatearen eskutik jaso zuten saria; Gazte Asanbladaren izenean Alaitz Mendizabalek eta Leire Irizarrek jaso zuten Berdel Aipamena.
Saria jaso ondoren, esker oneko berbak adierazteko tartea eduki zuten, eta ia 20 urteko ibilbidea errepasatu zuten. «Eskerrik asko Gaztetxea bizirik mantentzea posible egin duzuen eta horretan jarraituko duzuen denoi. Beste 20 urtez edo gehiagoz Gaztetxeko ateak zabalik egotea espero dugu». Gaineratu zutenez, apainketa batzuk egin ondoren, barikuan bertan zabaldu zuten berriro Gaztetxea. «Herritar guztioi gonbidapena luzatu nahi dizuegu nahi duzuenean Gaztetxera hurbiltzeko».
Ekitaldia aprobetxatuta, gainera, Berdel Eguna antolatzen laguntzeko boluntario gehiago behar dituztela azpimarratu zuen alkateak; gazte asanbladako kideei ere amua bota zien. «Adina dela edo beste hainbat arrazoi tarteko, 24 urte eta gero antolakuntzan aritu ondoren, jendea ardura horiek lagatzen hasi da, eta hemendik zuei ere inplikazio pixka bat eskatu nahi dizuet Berdel Egunari bultzada emateko. Azkenean, bestela, Berdel Egunak indarra galduko du».