Giro ezin hobean eta ezin giro hobeagaz ospatu dute Musikfest Ondarroan
Lea-Artibai eta Mutrikuko musikariz bete da goizean goizetik Ondarroa. Kaleko zein aretoetako emanaldiek ikus-entzule asko erakarri dituzte. Antolatzaileek oso balorazio ona egin dute.
Musika maite duen herria da Ondarroa, eta gaur [martxoak 30, zapatua] aspaldikorik eta musikarien esnatu da. Dantzari esnatu da, trikitilari, txistulari eta kantari. 10:30erako zeukaten hitzordua jarrita Lea-Artibai eta Mutrikuko 500 musikari inguruk Plazagainen. Unanue Musika Eskolako zuzendari Iker Allur Aranburuk ongietorria eman die guztiei, eta ondorengo minutuetan kalejiran atera dira. Kamiñazpirantz batzuk, Latxanbre enparantzara beste batzuk, Artabidera, Itsasaurrera…
Herriko kantoi guztiak musikaz bete dituzte ondorengo minutuetan, eta 12:15erako alde zaharrean bueltan zeuden guztiak. “Eskerrak eman nahi dizkiegu Artelani, Itxaropenari, Deba eta Mendaroko txistulariei, musika eskoletako txistulariei, eta eurekin ibili diren Anaiarte eta Kantaize abesbatzei. Eta esker berezia Ondarroako Udalari, jaialdia antolatzeko emandako laguntza guztiagatik”, adierazi du Allurrek antolatzaileen izenean. Trikiti eta txistu doinuekin agurtu dituzte kaleko ekitaldiak, Elizondo-ren doinupean.
Eta ondoren, Kofradia Zaharreko bi aretoetan jarraitu du musika jaiak. Kalean gertatu modura, musika emanaldiek bete egin dituzte bi aretoak. 13:30erako musika eskolako beheko aretotik entzun zitezkeen akordeak. Musika eskoletako konboek bertsio ederrak eskaini dituzte, bertan bilduta zeudenen gozamenerako. Lepo beteta egon da aretoa.
“Polita izan da umeak eta nagusiagoak elkarregaz jotzen ikustea. Hori ere oso garrantzitsua da”.
Emaitzagaz, oso pozik. Ikusgarri joan da Musikfest, eta esperientzia errepikatzeko gogotsu daude Berriatuko eta Markina-Xemeingo Tarine, Lekeitioko Musikaia, Mutrikuko musika eskola eta Ondarroako musika eskolako ordezkariak: “Oso oso ona da balorazioa. Eguraldiak lagundu egin digu, eta horretaz aparte, musika eskola eta aparteko taldeak ere malguak izan dira, ordu guztiak errespetatu dituzte eta lagundu egin dute. Kanpoko publikoagaz ere izugarrizko feedback-a eduki dugu. Oso oso pozik gaude. Eguerdian Alai ingurua jendez beteta ikustea ikusgarria izan da; 50 txistulari baino gehiago, Artelango erraldoiak, trikitilariak…”. Hain eguraldi ona eginda, aretoetako emanaldietan jende gutxiago bildu ahal zitekeela uste zuen Allurrek, baina entzuleen erantzuna oso ona izan delako oso pozik agertu da: “70 laguneko aforodun bi areto izan ditugu, eta lehen emanalditik azkenera, beteta egon dira biak. Ordutegiak ere bete egin dira minutuz minutu”. Belaunaldiartekotasuna ere azpimarratu du: “Polita izan da umeak eta nagusiagoak elkarregaz jotzen ikustea. Hori ere oso garrantzitsua da”.
Hurrengo Musikfest bat egin egingo dutela, hori argi daukate. Orain, lekukoa nork eta noiz hartuko duen erabakitzea baino ez dute falta. Gauza bat, baina, argi daukate: musika kalera ateratzen jarraituko dutela, kaleak musikaz betetzen; jendea pozten.