40.000 pintxo inguru banatuko dituzte Mutrikuko 24. Berdel Egunean
Arratsaldean moilara gerturatzen direnek bederatzi pintxo dastatzeko aukera edukiko dute. Jaia jasangarriagoa egin asmoz, ingurumena zaintzeko neurriak hartu dituzte.
Boluntarioak berdel pintxoak eskuan Badator 24. Berdel Eguna. Mutrikun guztiz sustraitua dagoen jaiak berdelaren ezaugarri gastronomiko eta osasungarriak ezagutzera emango ditu beste urte batez zapatuan [apirilak 6], eta horretarako, eguna bera aurrera ateratzea ahalbidetzen duten ehunka boluntarioen eskutik prestatutako 40.000 pintxo inguru banatuko dituzte goizeko pintxopotean zein arratsaldeko pintxo dastaketa herrikoian.
Hain zuzen ere, arratsaldean moilan egingo duten berdel pintxo dastaketa herrikoian 1.500 kilo berdel banatuko dituzte. 20.000 berdel pintxo dastatzeko aukera egongo da, eta horrez gain, 5.000 anoa berdel erre eta 1.000 anoa berdel marmitako banatuko dituzte. Bertaratzen direnek herriko boluntarioen eta jatetxeetako sukaldarien eskutik bederatzi “errezeta bikain” dastatu ahal izango dituzte. Ohiko berdel errea, berdel marmitakoa, berdel txaka, berdel piperrada eta berdel budin pintxoez gain, aurten lau proposamen berri dakartza jaiak. Berdela ilarrekin, bolak saltsan, italiar kutsuko berdel tricolore eta berdel ketua ere dastatzeko aukera egongo da aurtengoan.
Pintxo dastaketa herrikoiak, gainera, beste hainbat berrikuntza dakartza aurten. Moilan karpa zabalagoa ipiniko dute, “euria eginez gero, bertaratuak euritik hobeto babesteko”. Eta Berdel Eguna jasangarriagoa izan dadin, ingurumenari keinu egin, eta lehen urratsak ere ematen hasiko dira antolatzaileak, “zabor gutxiago sortu eta portuko gunea garbiagoa uzteko”, azken finean.
Hartuko dituzten neurrien artean edalontzi berrerabilgarriak erabiliko dituzte. Udalak 3.000 edalontzi berrerabilgarri ipiniko ditu herritarren eskura. Era berean, zelulosa mamiarekin eginiko platerak eta sardexkak ere banatuko dituzte. Bide beretik, aurreko urteetan modura, birziklatzeko behar diren edukiontziak ipiniko dituzte bi gunetan.
EGITARAUA:
- 10:30. Artisau azoka, Goiko Plazan.
- 12:00. XIV. Belaontzi txapelketa (eguraldiari loturiko ekimena).
- 12:00. Berdel pintxopotea, herriko tabernetan.
- 12:00. Trikitilariak, kalez kale.
- 13:00. Mutrikuko abesbatzak, Zabiel plazan.
- 17:30. Berdel txapelketaren finalak, Miruaitzen.
- 18:00. Berdel pintxo dastaketa, portuan.
- 20:00. Kontzertua, portuan: Enkore.