Bizkaiko Batel Txapelketan lau bandera irabazi dituzte Isuntzak eta Ondarroak
Isuntzak alebin gizon, txiki gizon eta kadete emakume mailan lortu ditu banderak. Ondarroa, berriz, alebin emakume mailan izan da onena.
Lau banderez gain, Bizkaiko Batel Txapelketan beste hainbat domina lortu dituzte Lea-Artibai eskualdeko arraunlariek. Isuntza hiru dominekin bueltatu da. Zilarrezko domina bana irabazi ditu alebin emakume eta kadete gizon mailetan, eta brontzezko beste domina bat ere irabazi dute txiki emakume mailan.
Ondarroak, bestalde, beste lau domina eskuratu ditu. Zilarrezko domina bana lortu dituzte alebin gizon, txiki emakume eta gazte emakume mailetan, eta brontzezko domina bat kadete emakume kategorian. Eskualdeko arraunlariek osatutako Artibai ontziak, gainera, brontzezko domina eskuratu du alebin emakume mailan.
Txapelketa asteburuan jokatu da Sestaoko La Benedicta estropada eremuan. Zapatuan [apirilak 6] sailkapen estropadak jokatu zituzten, eta domekan [apirilak 7], berriz, finalak.