Zubiak batu dituzte Ondarroan, larriki gaixorik dauden presoen alde
Nazioarteko Osasunaren Egunaren harira, Ondarroako zubiak bete zituzten domekan [apirilak 7] larriki gaixorik dauden presoen etxeratzearen alde. Ekimenagaz, hain zuzen, Ni Zu Bi herri ekimenari jarraipena eman zieten Ondarroako eta eskualdeko hainbat herritarrek.
Zubi Zaharrean hasi zuten ekimena, eta ordu laurdeneko elkarretaratzea egin ostean, gizakatea egin zuten Calatrava Zubiraino. Calatravan beste ordu laurdeneko elkarretaratzea egin ondoren, Itsasaurren amaitu zuten ekimena. Ibon Iparragirre Burgoa larriki gaixorik dagoen preso ondarrutarra eta gainontzeko preso gaixo denak etxeratzeko eskatu zuten, eta kartzela politikak osasuna larriki kaltetzen duela nabarmendu. Aldi berean, Aitzol Gogorzaren etxeratzea pozgarritzat eta oso positibotzat ere jo zuten; eta herriz herri antolatuta dauden plataformei babesa emateko, eta aurrerago egingo diren ekintzetan parte hartzeko eskatu zuten.