Aurreikusitakoa baino astebete beranduago itxiko dute Mutriku eta Deba arteko errepidea
Atzerapena tarteko, maiatzaren 3an edo beranduago itxiko dute Mutriku eta Deba batzen dituen kostaldeko errepidea. GI-638 errepidea guztiz itxiko den egunera arte, gauez behin-behineko mozketak egiten jarraituko dute.
Mutrikuko udal iturriek agertu dutenez, mozketa, gutxienez, beste astebete atzeratuko da. “Mozketa atzeratu egingo dela esan digute, baina ez digute arrazoi garbirik eman”. Errepidea apirilaren 26an ixtea aurreikusita zegoen, baina atzerapena tarteko, maiatzaren 3an edo beranduago itxiko dute guztiz Mutriku eta Deba batzen dituen kostaldeko errepidea. Errepidea lau hilabetez egongo da itxita.
Gogorarazi dutenez, GI-638 errepidea guztiz itxiko den egunera arte, zirkulazioa semaforo bidez kontrolatuta egongo da. Era berean, gauez behin-behineko mozketak egiten jarraituko dute, 22:00etatik 06:00etara, lanegunetan. Mozketak, gehienez, ordu erdikoak izango dira.
Horrez gain, Laranga auzotik atera edo sartu nahi dutenek Arrainbide eta Santiago bideak erabili ahal izango dituzte. “Orain artean Arrainbide bi zentzutan erabili ahal izan den arren, hemendik aurrera, eta GI-638 obra guztiak amaitu bitartean, errepide horiek zentzu bakarrean erabiltzeko azpimarratu digute Gipuzkoako Foru Aldunditik. Hau da, auzotik irtetzeko Arrainbideko bidea erabili beharko da, eta sartzeko, berriz, Santigo bidea”.