Inhar Urruzuno ondarrutarrak 5 Kirol lehiaketaren finala jokatuko du
Finala maiatzaren 1ean jokatuko du Aitzol Atutxa aizkolariagaz batera, 12:00etan, Bilboko Miribilla pilotalekuan. Xabier Orbegozo Arria V.a eta Jokin Eizmendiren aurka ariko dira nor baino nor azkarrago.
Inhar Urruzuno harrijasotzaile ondarrutarrak Basque Sports enpresak antolatu duen 5 Kirol lehiaketaren finala jokatuko du Aitzol Atutxa aizkolariarekin batera, zapatuan [apirilak 13] Gatikan Xabier Zalduaren eta Jose Mari Iruretagoiena Izeta III.aren aurka lehiaketako bigarren kanporaketa irabazi ostean. Finalerako txartela lortzeko faboritoak ziren, eta ez zuten hutsik egin. Ondarrutarrak eta dimoztarrak 42 minutu eta 19 segundo behar izan zuten lanak amaitzeko, aurkariek baino 3 minutu eta 51 segundo gutxiago.
Herri kiroletako binakako txapelketaren bigarren kanporaketari dagokionez, bi bikoteek harri jasotzean, aizkoran, txinga eroaten, ingude altxatzen eta trontzan lehiatu behar izan zuten. Egin beharreko lana honakoa izan zen: 100 kiloko kopa bat ehun aldiz altxatu (harrijasotzaileak); 45 ontzako hamabi enbor moztu (aizkolariak); txanda librean, 50 kiloko txinga banarekin hamabi plaza egin; txanda librean, hemezortzi kiloko ingudeagaz 150 ukitu; eta, azkenik, biek batera, 45 ontzako enborrari hamar mozketa egin behar izan zieten trontzarekin.
Urruzunok eta Atutxa II.akĀ indarra, trebetasuna, eta, batez ere, estrategia neurtu behar izan zuten. Hasiera-hasieratik aurrean ipini ziren, eta proba amaitu arte abantaila horri eutsi zioten.
Finala, berriz, maiatzaren 1ean jokatuko dute, 12:00etan, Bilboko Miribilla pilotalekuan. Xabier Orbegozo Arria V.a eta Jokin Eizmendiren aurka ariko dira nor baino nor azkarrago. Bikote irabazleak txapel bana eta 1.200 euro jasoko ditu. Finalari dagokionez, kanporaketetan egin beharreko lan bera egin beharko dute bi bikote finalistek.