Dylan Inglis: "Bertatik bertara bizitzea eta ikustea bestelakoa izan da"
Erresuma Batutik espreski Korrika egitera etorri zara.
Esperientzia zoragarria izan da, hunkigarria. Banekien Korrika handia zela, baina bertatik bertara bizitzea eta ikustea bestelakoa izan da. Mutrikun lekukoa eraman nuen, eta gero, Gasteizen, amaiera ere ikusi dut. Biak zein baino zein ederragoak iruditu zaizkit.
Lekukoa eramatea zelakoa izan da?
Oso polita. Lekukoa parera ailegatu zenean eskutan hartzeko esan zidaten, eta momentuaz gozatzeko. Oso momentu hunkigarria izan zen, eta azkenean, lekukoa nirekin batera zihoanari ematea ere ahaztu zitzaidan.
Eta Gasteizko amaiera, zelan bizi izan duzu?
Gasteizera, berez, ikustera joan nintzen. Baina Ondarroan ezagutu nuen batek eskutik heldu ninduen, eta azkenean nik ere korrika amaitu nuen.
Aurtengo Korrika jarraitu duzu?
Bai. Korrikaren hasiera, esaterako, zuzenean ikusi nuen sarean. Aita ere euskara ikasten hasi da, eta biok batera ikusi genuen.
Euskara oso denbora gutxian ikasi duzu. Nahi izatea ala ahal izatea da garrantzitsuena?
Nahi izatea, noski. Nik uste dut denok daukagula euskara ikasteko gaitasuna.
Zein izan da euskararekin izan duzun harremana?
Hizkuntza bat ikastekotan nengoen, eta aldez aurretik Behe Nafarroan egon nintzenean euskaraz hitz batzuk ikasi nituen. Oso harrera atsegina jaso nuen, eta euskara ikastea erabaki nuen. Asmorik barik hasi nintzen ikasten, eta nire gustukoa zenez, jarraitu nuen. Gustuko tokian aldaparik ez.
Euskara batua ezeze, hainbat euskalki ere ikasi dituzu. Zein izan da zailena?
Zuberera C1 maila edukita ere, ozta-ozta ulertu nuen. Eta bizkaiera euskalki bat dela esaten bada ere, aldaera asko ditu. Eta alde horretatik zaila da. Ahalik eta euskalki eta azpieuskalki gehien ikasi nahi ditut, ariketa onuragarria eta interesgarria dela iruditzen zait. Eta nik uste dut horrelako aniztasuna babestu behar dela, eta hori da euskara maitatzeko arrazoi nagusienetariko bat.