Txomin L. Aramaio: "Lea-Artibai eskualdean, zorionez, Korrika beti izan da jendetsua"
Amaitu berri den 21. Korrikari buruzko balorazioa egin du Txomin L. Aramaio eskualdeko arduradunak. Euskararen aldeko ekimena arrakastatsua izan dela azpimarratu du.

21. Korrikari buruz zer balorazio egiten duzue Lea-Artibain?
Aurreikuspenak bete egin dira. Ohi modura, euskararen aldeko ekimen erraldoia arrakastatsua izan da. Egia esan, Lea-Artibai eskualdean zorte handia daukagula esan genezake. Korrikaren inguruko gauza denetan sekulako parte hartzea egoten da. Korrika, Korrika Txikiak, Korrika Kulturaleko ekintzak… oso jendetsuak izan dira. Hainbat herritan ipini diren Korrika dendetan ere jende asko ibili da materiala erosten. Zera konturatzen gara: Korrika edozein ordutan pasata ere, jendeak Korrika maite duela, eta berdin-berdin irteten duela kalera. Eta hori, egia esan, eskualde gutxitan gertatzen dela uste dugu. Jendetza batzen da aringa-aringa, eta horiez gain, jendetza batzen da errepide bazterretan edota balkoietan, aringa-aringa doazen horiek animatzen.
Zergatik da Korrikarentzat hain berezia Lea-Artibai?
Oso berezia izaten da. Ez dakit zergatik, baina eragile eta norbanako askok laguntzen digute Korrika aurrera eramaten eskualdean. Eta ahalegin hori guztia, gerokoan, igarri egiten da parte hartzerako orduan. Herri batzuetan Korrika batzordeak egoten dira, eta horiek ere dena posible izan dadin pila bat laguntzen dute.
Korrika aurrera atera ahal izateko, beraz, laguntza handia behar da.
Laguntza barik ezin izango genuke egiten dugun guztia egin, estu ibiliko ginateke; zailagoa litzateke, dudarik barik. AEK osatzen dugunok gutxi gara eskualdean, eta laguntza horrek guztiak ahalbidetzen du hau guztia posible egitea. Gero nik uste dut talde eta norbanako askok laguntzen dutenez, Korrika ere eurena modura sentitzen dutela.
Aurtengoa 21. Korrika izan da. Aurrekoekin alderatuz gero, ezer berezirik nabarmenduko zenuke?
Lea-Artibai eskualdean Korrika, zorionez, beti izan da oso jendetsua. Ikusten duguna da jendeak Korrikaren inguruan antolatzen diren ekimenetan parte hartzeko gogo handia edukitzen duela; jende asko hurreratzen da. Beti pentsatu izan dugu Korrikak bere mailarik gorena lortzen duela, eta ezin dela gehiago hazi, baina Korrikaz Korrika konturatzen gara oraindik ere hazten doala. Geu ere harrituta geratzen gara.
Eskualdeko Korrika Txikietan ere nahikoa jende batu da.
Bai, hori da. Oso jendetsuak izan dira. Aurten, gainera, Korrika goizaldean pasatzen zelako ume askok ezin zuten Korrika handian parte hartu, eta euren aukera bakarra Korrika txikian parte hartzea izan da. Herriz herri Korrikak sortzen duen ilusioa ikusi ahal izan dugu umeen aurpegietan ere. Besteak beste, Lekeition, Markina-Xemeinen, Ondarroan, Berriatuan, Aulestin, Etxebarrian, Munitibarren eta Mutrikun egin dira Korrika Txikiak.
Garesen hasi, eta 11 egunez Euskal Herri guztia zeharkatu ondoren, domekan amaitu zen 21. Korrika Gasteizen. Etorkizunera begira zer asmo duzue?
Korrikaren kasuan ere Euskaraldiagaz gertatu dena gertatzea nahi dugu. Hau da, garrantzitsuena, gerora ere euskaraz egiten jarraitzea da, eta, aldi berean, hizkuntza ohiturak aldatzea. Beste alde batetik, aurtengoan AEK-k eragileei konpromiso zehatzak eskatu dizkie, eta hemendik aurrera konpromisoak hartu dituzten eragileei horiek betetzen joatea eskatu nahi genieke. Eta, horrenbestez, aro berriari klika egiten joatea da egunero garrantzitsuena.