Txosten teknikoak dio Ondarroako Zeledonio eraikina "uste baino hobeto" dagoela
Eraikinaren egoera zein den jakiteko, laginzuloak egin dituzte teknikariek, eta horietatik nahikoa emaitza onak jaso dituztela esan dute. Hurrengo urratsa zimenduen egoera aztertzea dela esan dute.
Teknikariak aurreko urtean hasi ziren laginzuloak, eta udalak duela gutxi jaso ditu emaitzak. Txostena eskuetan, baikor agertu da Ondarroako Udala. Nabarmendu dutenez, eraikina “uste baino egoera hobean” dago. “Esan digutenez, hasiera batean pentsatzen zena baino kalte gutxiago daude. Arazo gehiago egongo zirela uste genuen”.
Gaineratu dutenez, hurrengo urratsa zimenduen egoera aztertzea izango da. “Laginzulo tekniko bereziago batzuk egin behar dira orain, zimenduak ondo dauden ikusteko. Lur azpian habe batzuk egon behar dute, eta, badaezpada, horien egoera zelakoa den aztertzeko gomendatu digute azterketa egiten ibili diren teknikariek”.
Zimenduen azterketa laster egingo dutela aurreratu dute.”Udalak laster onartuko du aurtengo aurrekontua, eta laginzulo berriak egitea inbertsioa denez, aurrekontua onartzen dugunean hasiko dute azterketa”.
Eraikinaren jabetza udalarena da, eta udal ordezkariek azaldu dutenez, eraikina herriarentzat berreskuratu eta baliatu nahi dute. “Udalak ikusten du aukerak daudela berriro ere zabaltzeko. Horrenbestez, berrerabiltzeko proiektua aurrera doa”. 75 urtez herriko eskola izan zena 2004an itxi zuten, egoera txarrean zegoela argudiatuta. Ordutik ez da eraikinera begirako proiekturik egin. Eraikina ez da erabiltzen; garai batean eskolako jolastokia zena erabiltzen da bakarrik, aparkaleku modura.
Eraikinak lau solairu ditu denetara, eta aukera asko ematen dituela ikusirik, bertan egingo diren proiektuak “modu parte hartzailean” erabaki nahi dituzte udal ordezkariek, “herriak hainbat behar dauzkalako”. Udalak, proposamenen artean, udal zerbitzu guztiak bateratu nahiko lituzke eraikin berean, “zerbitzuak optimizatze aldera. Ikusirik eraikinak metro kuadro asko dituela, iruditzen zaigu beste gauza askorentzako ere aukera asko dagoela.